Mirandaolako miraria irudikatuko dute euskararen aldeko ‘lip dub’-ean
Euskaraz bizi nahi dut! aldarria herritar guztiengana zabaltzeko lip dub herrikoia egingo dute datorren larunbatean Legazpin. Bertako Zingi Zango euskara taldeak, udaleko euskara zerbitzuak, udal euskaltegiak, herriko ikastetxeek eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatutako ekimena da, besteak beste. Dena den, aipatutakoen gainera, herriko beste hainbat taldek eta eragilek ere hartuko dute parte larunbateko hitzorduan. Ekimen hau Kontseiluak 2011 amaieran martxan jarritako Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamika berriaren barruan kokatu behar da. Juanlu Aranburu, Kontseiluako ordezkariak Legazpin azaldu zuenez, dinamikaren funtsa euskaraz bizi nahi dutenen mugimendu zabal bat eratzea da. «Legazpin ere asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak, eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak», gaineratu zuen. Mirandaolako miraria Hain zuzen, egitasmo berriak euskaraz bizitzeko nahia agertzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko tresna izan nahi du. Horretarako, aldarrikapen forma eta modu ezberdinak erabili dira orain arte herri ezberdinetan. «Legazpin lip dub-a egingo da, baina Urretxun eta Zumarragan adibidez, flashmob bat grabatu dute orain gutxi», argitu zuen. Goierriko beste zenbait herritan ere egin dute bat dinamikarekin, euskararen aldeko lasterketa herrikoiak antolatuta. Lip dub-a musika oinarrian duen «formatu berritzailea» dela azaldu zuen Aranburuk asteleheneko agerraldian. «Denbora errealean eta musikaren erritmoa oinarri hartuta ibilbide bat osatzea da [...]
Euskaraz bizi nahi dut! aldarria herritar guztiengana zabaltzeko lip dub herrikoia egingo dute datorren larunbatean Legazpin. Bertako Zingi Zango euskara taldeak, udaleko euskara zerbitzuak, udal euskaltegiak, herriko ikastetxeek eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak sustatutako ekimena da, besteak beste. Dena den, aipatutakoen gainera, herriko beste hainbat taldek eta eragilek ere hartuko dute parte larunbateko hitzorduan.
Ekimen hau Kontseiluak 2011 amaieran martxan jarritako Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamika berriaren barruan kokatu behar da. Juanlu Aranburu, Kontseiluako ordezkariak Legazpin azaldu zuenez, dinamikaren funtsa euskaraz bizi nahi dutenen mugimendu zabal bat eratzea da. «Legazpin ere asko gara euskaraz bizi nahi dugunak, jadanik euskaraz bizitzeko hautua egin dugunak, eta geure eguneroko jardunean hori praktikan jartzen dugunak», gaineratu zuen.
Mirandaolako miraria
Hain zuzen, egitasmo berriak euskaraz bizitzeko nahia agertzeko eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko tresna izan nahi du. Horretarako, aldarrikapen forma eta modu ezberdinak erabili dira orain arte herri ezberdinetan. «Legazpin lip dub-a egingo da, baina Urretxun eta Zumarragan adibidez, flashmob bat grabatu dute orain gutxi», argitu zuen. Goierriko beste zenbait herritan ere egin dute bat dinamikarekin, euskararen aldeko lasterketa herrikoiak antolatuta.
Lip dub-a musika oinarrian duen «formatu berritzailea» dela azaldu zuen Aranburuk asteleheneko agerraldian. «Denbora errealean eta musikaren erritmoa oinarri hartuta ibilbide bat osatzea da gakoa», gaineratu zuen. Mirandaolan hasiko du bere ibilia euskararen aldeko aldarri honek, «Legazpin mirari guztiak Mirandaolan kokatzen baitira».
Asier Iriondo Zingi Zango euskara taldeko kideak hartu zuen hitza gero. Lip dub-a denbora errealean grabatzen bada ere, Legazpin «tranpa txiki bat» egin dutela aitortu zuen. «Ibilbideko hasierako 20 segundoak orain bi aste grabatu genituen». Domingo Agirre ikastetxeko Enekok eta Maiderrek izan dute mirari moduan, Mirandaolan agertu zaien Euskaraz bizi nahi dut dioen aldarria Legazpira eramatea. «Mirandaolatik Mauleon jatetxerainoko zatia grabatuta dago. Larunbatean, bertatik hasita emango diogu jarraipena, jada grabatuta dagoen horri», aipatu zuen.
Mauleon jatetxea eta udaletxea bitartean dagoen bidea egingo dute 12:00etan hasita. Sustraiak dantza taldeak, musika bandak, euskaltegiak, pilota eskolak, musika eskolak, LGA-Subeltzak, Zingi Zangok, Olazabal institutuak, Haztegi ikastolak, bertso eskolak Sorgintxulok, Oripavik, Txolartek eta erraldoiek hartuko dute parte. Talde bakoitzak 15 segundoko tartea beteko du ibilbidean.
Amaieran lekukoa udaletxeko balkoiraino eramango dute, eta plaza jendez gainezka egotea da helburua. Horregatik, herritar guztiei egin diete, larunbat eguerdian, Euskal Herria plazara biltzeko deia.













