«Gehiago kostako da liskar politikoa gainditzea, jendea atez atekora ohitzea baino»
Berria.info • «Atez atekoa kenduko banu, herritarrek alkatetzatik kenduko nindukete». Lluis Verdaguerren (Taradell, 1971) hitzak dira. Taradelleko bertako alkatea da, CiUko ordezkaria. Hamar urte daramatzate hondakinak atez ate biltzen, eta iaz Katalunian gehien birziklatu zuen herria izatea lortu zuten. Hondakinen %86 birziklatu zuten. «Herritarrak oso harro eta pozik daude sistemarekin», esan du Verdaguerrek. Sistemaren aurka daudenei eta zalantzak dituztenei gonbitea egin die. «Etor daitezela gure herrira, zalantza guztiak uxatuko zaizkie». Modurik eraginkorrena eta iraunkorrena dela dio. Nolako herria da Taradell? Zenbat urte daramazue hondakinak atez ate biltzen? Taradell 6.000 biztanleko herri bat da. 2002an hasi ginen atez atekoa ezartzen. Etxe multzo batean hasi ginen probatzen, eta 2004-2005 artean herri osora zabaldu genuen. Ordura arte, %22 birziklatzen genuen, eta urtebetean %78 birziklatzea lortu genuen. Hau da, emaitzak irauli genituen. Iaz, %86 birziklatu genuen. Kataluniako emaitzarik onenak lortu genituen. Nolakoa izan zen prozesua? Artean bosgarren edukiontzia erabiltzen genuen. Baina ondoko herrian, Tonan, atez ateko sistema zuten. Han hamabost urtez errauste planta bat egon zen martxan, eta herritarrek aurkako jarrera izan zuten. Hori dela eta, urte batzuk lehenago jarri zuten atez atekoa. Hango emaitzak ikusita, udalean geunden bi alderdiek, CiUk eta ERCk, ez genuen dudarik egin. Herritarrek nola hartu zuten? Hasieran baziren errezeloz [...]
Berria.info • «Atez atekoa kenduko banu, herritarrek alkatetzatik kenduko nindukete». Lluis Verdaguerren (Taradell, 1971) hitzak dira. Taradelleko bertako alkatea da, CiUko ordezkaria. Hamar urte daramatzate hondakinak atez ate biltzen, eta iaz Katalunian gehien birziklatu zuen herria izatea lortu zuten. Hondakinen %86 birziklatu zuten. «Herritarrak oso harro eta pozik daude sistemarekin», esan du Verdaguerrek. Sistemaren aurka daudenei eta zalantzak dituztenei gonbitea egin die. «Etor daitezela gure herrira, zalantza guztiak uxatuko zaizkie». Modurik eraginkorrena eta iraunkorrena dela dio.
Nolako herria da Taradell? Zenbat urte daramazue hondakinak atez ate biltzen?
Taradell 6.000 biztanleko herri bat da. 2002an hasi ginen atez atekoa ezartzen. Etxe multzo batean hasi ginen probatzen, eta 2004-2005 artean herri osora zabaldu genuen. Ordura arte, %22 birziklatzen genuen, eta urtebetean %78 birziklatzea lortu genuen. Hau da, emaitzak irauli genituen. Iaz, %86 birziklatu genuen. Kataluniako emaitzarik onenak lortu genituen.
Nolakoa izan zen prozesua?
Artean bosgarren edukiontzia erabiltzen genuen. Baina ondoko herrian, Tonan, atez ateko sistema zuten. Han hamabost urtez errauste planta bat egon zen martxan, eta herritarrek aurkako jarrera izan zuten. Hori dela eta, urte batzuk lehenago jarri zuten atez atekoa. Hango emaitzak ikusita, udalean geunden bi alderdiek, CiUk eta ERCk, ez genuen dudarik egin.
Herritarrek nola hartu zuten?
Hasieran baziren errezeloz ikusten zuten herritarrak, ez dut ukatuko. Batez ere kexu ziren ordutegi zehatz batean jaitsi behar zutelako zaborra. Baina pixkanaka hori aldatzen joan zen. Orain, atez atekoa kenduko banu, herritarrek alkatetzatik kenduko nindukete. Izan ere, oso pozik daude. Ikusten dute lortzen diren emaitzak paregabeak direla eta birziklatzeko egiten duten ahaleginak merezi duela. Edukiontziekin ez da horrela gertatzen. Nik ondo egiten badut ere, ondokoak egiten ez badu, dena pikutara doa. Gainera, konturatzen dira ingurumenarentzat eta osasunarentzat sistema honek dituen abantailez. Orain, birziklatzen ez den herri batera joatean, Taradelleko herritarrei arraro egiten zaie.
Gipuzkoan ezarri nahi duten sistemaren berdina al da Taradellekoa?
Bai, oro har, Kataluniako herri askotan ezarrita dagoen bera da. Dena den, Taradellekoak badu berezitasun bat: kartoia, papera eta ontziak batera biltzen ditugu. Horiek bereizteko planta propio bat dugu. Bereizketa eskuz egiten dugu, eta, horrela, emaitzak hobea dira. Gizarteak baztertzeko arriskuan dauden bizilagunek egiten dute lan hori. Hala, haien laneratzea sustatzea lortzen du gaur egun.
Zer esango zenieke sistema garestia dela diotenei?
Atez atekoa ezarri dugun herrietan zaborren tasa egonkortzea lortu dugula. Hondakinak zabortegietara eramaten dituzten herrietan, berriz, tasak nabarmen ari dira igotzen. Hori zigortzen ari dira.
Eta herri handietan edo hirietan ezartzea ezinezkoa dela diotenei?
Erantzuna oso erraza da: hiri handi askotan dagoela ezarrita eta ondo funtzionatu duela: adibidez, Milanen. Nik, inguruan dudan errealitatea kontuan hartuta, esan dezaket 10.000 herritar arteko herrietan primeran funtzionatzen duela. Aurka daudenei, edo zalantzak dituztenei, esango nieke gure herrira etortzeko eta ikusteko errealitatea bertatik bertara. Zalantza guztiak uxatuko zaizkie.
Nola ikusten duzue Kataluniatik hondakinen kudeaketaren inguruan Gipuzkoan dagoen eztabaida?
Egia esan, urrutitik jarraitu dut. Baina politikariei esango nieke alde batera uzteko kolore politikoa, eta egiteko apustu sistema eraginkorrenaren alde. Emaitzak ikusita, argi dago zein den. Frogatua dago. Iruditzen zait zailagoa izango dela liskar politikoa gainditzea, herritarrak atez ateko sistemara moldatzea baino.
Hitzaldi jendetsua
Atzo eskaini zuten Lluis Verdaguerek eta Enric Collek hitzaldia Legazpin, eta Latxartegi aretoa jendez bete zen, Taradellen eta Katalunian atez atekoarekin izan duten esperientzia ezagutzeko. Hitzaldia hasi aurretik, atez atekoaren kontrako taldeak elkarretaratzea deitu zuen zinema aretoaren kanpoaldean. Ertzainen bi furgonetak eta bi autok zaindu zuten elkarretaratzea, eta zinemarako bidea ere zintaz itxi zuten, badaezpada.












