PSE zergen bileretara ez zela joan dio Bilduk, jasotako kritikei erantzunez
Lazkaoko PSE-EEk 2013ko ordenantza fiskalen aurka botoa eman eta prentsan horiek kritikatu ondoren, udal gobernuan dagoen Bilduk erantzun egin dio, esanez alderdi horren zinegotzi bakarrak ez duela ezer proposatu. Are gehiago, ordenantzak lantzeko bost...
Lazkaoko PSE-EEk 2013ko ordenantza fiskalen aurka botoa eman eta prentsan horiek kritikatu ondoren, udal gobernuan dagoen Bilduk erantzun egin dio, esanez alderdi horren zinegotzi bakarrak ez duela ezer proposatu. Are gehiago, ordenantzak lantzeko bost batzordeetatik, «batean ere» ez duela parte hartu du gaineratu du Bilduk, eta osoko bilkura baino «egu gutxi lehenago» arte ez zuela txostena eskatu.
Krisia jasaten ari diren familietan «pentsatu ez» izana leporatu zion PSEko Juan Manuel Sernak, ondorengo kritikan, udal gobernuari. «Hobarietarako onartu dugun taula begiratu eta aztertzeko denborarik hartu al duzu? Beharrean daudenak laguntzeko udalak onartu duen erabakirik solidario eta zabalena da, familien kide kopurua eta diru sarrerak kontuan hartzen dituena», erantzun du Lazkaoko Bilduk.
Bestetik, PSEk ezetza emateko argudio bat «txostena euskaraz idatzia» egotea izan zela jakinarazi du Bilduk. Bien bitartean, Alderdi Sozialistak bere argudioak euskarazko komunikabide batean zabaldu dituela gogorarazi dio.
Lazkaotarren alde egiteko PSEko zinegotziak «beste aukera bat galdu» duela baloratu du Bilduk. Hala eta guztiz, batzorde guztiek zabalik jarraitzen dutela gehitu du, «bertaratu eta zure ekarpenak egiteko».













