Saski solidarioa, behar gehien dutenei laguntzeko
Gaurtik abenduaren 20ra bitarte Saski solidarioa izeneko ekimena egingo dute Ordizian. Aurreko agintaldian udalak abian jarritako Hiri hezitzailea proiektuaren barruko ekimen hori “sinbolismoz betetako ekintza” dela nabarmendu du Belen Maiza Ongizate eta Kultura zinegotziak. “Proiektuaren helburua horixe da, lana denon artean egitea, Ordizia solidarioago bat lortzeko”. Jubilatuen elkarteak, Caritasek, eta Urdaneta eta Jakintza ikastolek parte hartuko dute ekimenean, eta helburua elikagaiak biltzea da, Caritasi eman, eta ondoren, horiek, behar gehien duten herritarren artean banatzeko. Gaur goizean egin dute ekimenaren aurkezpena Barrenan Maizak berak, Jubilatueneko Jabier Barandiaranek, Caritaseko Agustin Aierbek, Urdaneta ikastetxeko idazkari Mari Jose Garmendiak, eta Jakintza ikastolako ikasle Maddi Martinezek eta Garazi Arañak. Hiri hezitzaile proiektua martxan jarri zela hiru urte bete dira, eta denbora horretan Jubilatuen elkartea izan da “lidertza” eraman duena. “Caritasen eskariz elikagaiak biltzen hasi ginen. Lehenengo urteko helburua saski bat betetzea zen, eta zazpi bete genituen. Horrekin ondorio batera iritsi ginen, adineko jendeak sentsibilitate berezia daukagula beharra duen jendearekiko. Hori izango da guk ere eza zer den ezagutu genuelako”, azaldu du Barandiaranek. Aurten ikastetxeak proiektuan sartzea “garrantzitsua” iruditzen zaio, belaunaldi berriak sentsibilizatzen joan daitezen. “Urte zaila izan da, eta beharrak handitzen ari dira. Horregatik, dei egiten diegu herritarrei elikagaiak ekar ditzaten”. Caritaseko Aierberen esanetan, ekimen [...]
Gaurtik abenduaren 20ra bitarte Saski solidarioa izeneko ekimena egingo dute Ordizian. Aurreko agintaldian udalak abian jarritako Hiri hezitzailea proiektuaren barruko ekimen hori “sinbolismoz betetako ekintza” dela nabarmendu du Belen Maiza Ongizate eta Kultura zinegotziak. “Proiektuaren helburua horixe da, lana denon artean egitea, Ordizia solidarioago bat lortzeko”. Jubilatuen elkarteak, Caritasek, eta Urdaneta eta Jakintza ikastolek parte hartuko dute ekimenean, eta helburua elikagaiak biltzea da, Caritasi eman, eta ondoren, horiek, behar gehien duten herritarren artean banatzeko.
Gaur goizean egin dute ekimenaren aurkezpena Barrenan Maizak berak, Jubilatueneko Jabier Barandiaranek, Caritaseko Agustin Aierbek, Urdaneta ikastetxeko idazkari Mari Jose Garmendiak, eta Jakintza ikastolako ikasle Maddi Martinezek eta Garazi Arañak.
Hiri hezitzaile proiektua martxan jarri zela hiru urte bete dira, eta denbora horretan Jubilatuen elkartea izan da “lidertza” eraman duena. “Caritasen eskariz elikagaiak biltzen hasi ginen. Lehenengo urteko helburua saski bat betetzea zen, eta zazpi bete genituen. Horrekin ondorio batera iritsi ginen, adineko jendeak sentsibilitate berezia daukagula beharra duen jendearekiko. Hori izango da guk ere eza zer den ezagutu genuelako”, azaldu du Barandiaranek. Aurten ikastetxeak proiektuan sartzea “garrantzitsua” iruditzen zaio, belaunaldi berriak sentsibilizatzen joan daitezen. “Urte zaila izan da, eta beharrak handitzen ari dira. Horregatik, dei egiten diegu herritarrei elikagaiak ekar ditzaten”.
Caritaseko Aierberen esanetan, ekimen honekin bi helburu lortuko dira: batetik, elikagaiak batzea behar hori dutenei laguntzeko, eta bestetik, gizartearen sentsibilizazioa. “Gero eta jende gehiago etortzen da guregana elikagai eske. Lehen errenta ordaintzeko-eta etortzen zen, baina orain jendea janari bila dator. Eta ez dira etorkinak bakarrik, bertakoa jendea ere badago”.
Ikastetxeetan gaia lantzen
Urdanetako Marijo Garmendiak gogoratu du “arrakastatsua” izan dela azken hiru urteetan eskolan egin duten janari bilketa, eta umeek ere “oso gustura” parte hartzen dutela ekimenean. “Umeekin Caritasera ere joan ginen, eta harrituta geratu ziren Kale Nagusiko lokalean nola duten dena antolatuta”. Garmendiak adierazi du eskolako komunikabideak erabiltzen dituztela gai horren inguruan sentsibilizatzeko, Caritaseko kideekin elkarrizketak eginez, besteak beste.
Jakintzaren izenean bi ikaslek hartu dute hitza. Haien esanetan, filosofia eskoletan krisiak Ordizian izan duen eraginari buruz lan bat egin dute, eta orain lan hori aurkezteaz gain, idatzi bat pasako diete ikasle guztiei janari bilketa horretan parte har dezaten eskatzeko. Jakintzakoek ere elkarrizketatu dituzte Caritaseko ordezkariak, eta hitz aspertu horien ondoren ohartu dira elikagai bila joaten direnen artean ordiziarrak ere badaudela, ez bakarrik etorkinak.