Hitz egitea, ospatzeko modurik onena
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko mota askotako ekitaldiak egin dituzte egunotan, baina azken urteetan indarra hartzen ari denetako bat, mintzodromoena da. Ordubetez, euskaldun zahar eta berriak elkartu eta gai ezberdinen inguruan euskaraz hitz egitea da helburua. Egunotan, Urretxun, Lazkaon eta Beasainen egin dute ekimena.
Maizpide euskaltegia izan zen Lazkaoko ekimena antolatu zuena. Bertako ikasleek parte hartu zuten, hainbat lazkaotarrekin batera. Jon Urdangarin euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, denera 72 lagun elkartu ziren, eta giro ona izan zen nagusi. Ordubetez aritu ziren hizketan; mahaietan launa laguneko taldeak elkartu eta hamabost minutuz behin, gaia aldatzen zuten. Euskararen azken 30 urteotako egoera, ekonomia krisia, eta bizitzeko Lazkao ala hiri bat nahiago duten, horiek izan zituzten hizketarako gaiak. Solasaldiaren ondoren, Maizpideko ikasleek egin duten lipdub-a ikusi eta gaztaina jana egin zuten.
Beasainen, elkarlanean
Beasainen, udaleko euskara sailak, udal euskaltegiak eta AEK-k elkarlanean antolatu zuten astelehen iluntzeko ekimena. Mari Paz Martin udal euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «inpresio onarekin» gelditu dira. Denera 55 bat lagun bildu zituzten, eta aurten, «iaz baino ikasle gehiagok» parte hartu dutela azpimarratu du.
Iaz antolatu zuten mintzodromoa aurreneko aldiz, eta aurten, orduko akatsetatik ikasi eta antolakuntza aldetik hobeto aritu direla esan du Martinek. Landutako gaien artean, ekonomia krisia, teknologia berriak eta herrien eta hiriaren arteko aldeak zeuden. Ekitaldia txokolate beroa hartuz bukatu zuten. Ikasleez gain, euskaldun zaharrek, mintzalagunek, alkateak eta hainbat zinegotzik parte hartu zuten.
Atzoko ekitaldiei aurre hartuta, Urretxu-Zumarragan larunbatean egin zuten mintzodromoa, bi udalek, euskaltegiak eta Zintzo- Mintzo elkarteak antolatuta. Han ere, ordubetez aritu ziren berriketan. Hizlarien artean ziren, besteak beste, Ikerne Badiola, aldundiko kultur diputatua eta Jon Balentziaga ETBko aurkezlea.