
San Nikolas gogora ekartzeko zenbait ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako Goierrin. Zegaman eta Legazpin bihar aterako dira ikasleak eskean. Seguran, berriz, etzi goizean ekarriko dute gogora San Nikolas gotzaina.
San Nikolas Myra (Asia) herriko gotzaina zen. Kondairak dioenaren arabera, urrezko poltsa bana utzi zuen ezkontzeko dirurik ez zuten hiru neska gazteren etxeetako leihoetan. Orduz geroztik, Gabonetan haurrei opariak banatzen dizkien pertsonaia bilatu zen, tokian tokian izen jakin bat hartu zuelarik: Santa Klaus eta Papa Noel, besteak beste.
Ohitura zaharrak berrituz
Zegaman 9:00etatik aurrera ibiliko dira bihar, auzoz auzo Aitxuri herri eskolako ikasleak kantuan eta eskean. Urtero biltzen duten dirua ekimen solidario batera bideratzen dute. Aurten batutakoa tximeleta azala gaitza duen Urretxuko Markel Lopez haurra laguntzeko izango da.
Legazpin 17:30ean irtengo da San Nikolas Laubidetik, Domingo Agirre ikastetxeko, Haztegi ikastolako eta Olazabal institutuko ikasleek eta Doinua musika eskolako kideek lagunduta. Herriko kaleetan ibilaldia egingo dute, Euskal Herria plazan amaitzeko. Seguran, etzi berrituko dute ohitura zaharra. 10:00etatik aurrera abiatuko dira haurrak Arbolaritik, herriko kaleetan zehar eskean aritzeko. Ohiturari jarraituz, etxeetatik gozokiak botako dizkiete eskean ibiliko direnei.