San Tomas egunez, 1987an zabaldu zuten Basakana taberna hiru lagunen artean. Makina bat urte eta pasadizo joan dira harrezkero, baina hasierako hiru lagun haiek, gogo eta ilusio berarekin eusten diote tabernari. Gaur, San Tomas eguna dela aprobetxatuz, mende laurdena ospatuko …
San Tomas egunez, 1987an zabaldu zuten Basakana taberna hiru lagunen artean. Makina bat urte eta pasadizo joan dira harrezkero, baina hasierako hiru lagun haiek, gogo eta ilusio berarekin eusten diote tabernari. Gaur, San Tomas eguna dela aprobetxatuz, mende laurdena ospatuko dute, lagunekin eta herritarrekin batera.
Txani Lasa, Mariaje Gonzalez eta Martin Urretabizkaia izan ziren, garai bateko Politena taberna hartu eta berritu zutenak. Izena bera ere, lagun artean sortu zen. Txani Lasak azaldu duenez, «Mikel Lasari esan genion tabernarentzako izen bat behar genuela. Basakana bururatu zitzaion, eta izen horixe jarri genion». Harrezkero, Beasaingo tabernarik ezagunenetako bat bihurtu da.
Urte horietan guztietan, herrigunea eta kaleko giroa asko aldatu dela azaldu dute. Giroa asko jaitsi dela diote, lehen poteorako ohitura gehiago baitzegoen. Inguruan taberna asko nola itxi eta berriak nola zabaldu dituzten ere ikusi dute. «Gure kalean baziren taberna batzuk, gehienak itxi edo aldatu egin zituzten. Erreka aldekoak denak berriak dira».
Azken urteetan kale nagusiak izan duen aldaketa nagusia, oinezkoentzat egokitu izana da. Horrek herriguneari bizia eman diola uste dute. «Kalean jende gehiago ibiltzen da, hori nabaritzen da» dio Mariaje Gonzalezek, «baina lehen beste herrietako jende asko kotxea atarian utzi eta kafe bat hartzera etortzen zen. Hori aldatu egin da».
Gaur arratsaldean, 19:00etatik 21:00ak arte, herritarrekin batera ospatuko dute urtemuga. Taberna ezagun egin duten pintxoak debalde emango dituzte, ardoarekin edo zuritoarekin batera.