Antzerki sektorea, dramaz
Antzerkigintza gogor jo du krisiak, eta egoera «dramatikoa» du. Euskarazko antzerkigintza ataka larrian dago.
Altxatu dute Goierriko antzeztokietako oihala. Ordizian eta Beasainen Antzerki garaia hasi da, eta Zumarragan eta Urretxun ere urte osoko programa aurkeztu dute. Kultura arloko beste esparruetan …
Antzerkigintza gogor jo du krisiak, eta egoera «dramatikoa» du. Euskarazko antzerkigintza ataka larrian dago.
Altxatu dute Goierriko antzeztokietako oihala. Ordizian eta Beasainen Antzerki garaia hasi da, eta Zumarragan eta Urretxun ere urte osoko programa aurkeztu dute. Kultura arloko beste esparruetan bezala, antzerkigintzan ere egoera ez da ona, inondik inora.
Asier Zinkunegik Dar-Dar ekoiztetxea du Legorretan, anaiarekin batera. Goierrin arlo horretako enpresa profesional bakarra da. «Kutsu sozialeko produktuak» sortzen ditu, gizarte gaiekin proiektu berezituak lantzeko modukoak, Utopia adibidez. Legorretan du egoitza. Xabier Agirrek, euskal antzerkigintzako konpainia indartsuenetakoa den Txalorekin estatu osora zabaldu du jarduera-esparrua, beste enpresa batzuekin egitasmo bateratuak eratuta. Biak legorretarrak dira, eta hitz berarekin deskribatu dute unea: «dramatikoa». Tragediatik gertu, dirudienez.
«Azken hiru urteotan kontratazio bolumena %60 jaitsi da. Espainian milioi bat ikusle galdu ditu antzerkiak. Parametro guztietan, datuak oso latzak dira», hasi da Zinkunegi. Kultura eskuragarri izatea eskubidea dela gogoratu du, giza eskubideen agiriak aipatuz. «Eta administrazioaren betebeharra da gizarteari aukera hori bermatzea». Hark beste bide batetik jo du, ordea, babesa gutxituz edo kenduz eta zergak igoz.
«Krisi honek alde askotatik harrapatzen gaitu. Gaur egun toki askotara leihatilara joan beharra duzu [sarrerekin ateratzen dutenaren araberako mozkina], eta hirutik bat baino gehiago zergak dira: SGAEri %10, BEZa %21, Internetetik edo kutxazainetatik saltzen diren sarrerek beren portzentajea %3tik 6ra eramaten dute… Sarrerak 15 euro balio badu, 5 euro hasi aurretik joan zaizkizu jada. Hori ikaragarria da», dio Agirrek. «Espainiako Gobernua hau ezinezkoa dela konturatuko zela uste genuen. Sektorea hankaz gora jarri dute».
Zinkunegiren irudiko, kulturaren finantzazio eredua «agortu» egin da, eta berria bilatu beharra dago. Mezenazgoaren legea «lehenbailehen» onartzea da eginbehar bat. «Babes publikoa erretiratu behar badute, lan-tresna berriak eskaini behar lizkigukete. Adibidez, mezenazgoaren legea 2012an aterako zutela esan zuen Wert ministroak, funts pribatuak kulturara erakartzeko; ez du hitza bete, eta diotenez aurten ere ez da legea aterako». Kultura aisia gisa hartzearekin ez daude ados, eta BEZaren «jaitsiera nabarmena» eskatu dute.
Bien bitartean, enpresa «pila bat» itxi dira, eta Euskal Herrian ere euskarazko antzerkigintzan konpainia aitzindari izan zirenak desagertzeko kinkan dira.
Kolpe ekonomikoaz gain, ekoiztetxeak ixteak hizkuntzan ere eragin latza ekar dezake: «Antzerkia ekoizten dugun etxeak larri gaude, eta gu ixteak suposatuko du euskarazko antzerkia egotea edo ez egotea. Hori bezain latza da egoera. Euskal kulturarentzat kritikoa izango litzateke antzerkia desagertzea», dio Zinkunegik.
«Sektore honek ikaragarrizko jendetza mugitzen du, ez aktoreak eta teknikariak bakarrik: zuzendariak, idazleak, argitzaileak, eszenografia eraikitzaileak, diseinukoak…», dio Agirrek. Euskal Herrian 25.000 lanpostu inguru daude kulturan. Egoera «kritikoa» bihurtzen ari da, eta langileen eskubideak eta zor zaien duintasuna «kolokan» daudela ohartarazi du Zinkunegik.
Inguruko aldagaiez gain, antzerkian ere «hobekuntza nabarmenak» egin behar direla aitortu du Zinkunegik. Eskena elkarteko kide da, eta jaurlaritzari «hainbat ideia» planteatuko dizkiote; hark «zer aldarte» agertzen duen zain dago, bien bitartean. «Ez zaigu posible iruditzen egoera honetan babesa gehiago erretiratzea».
Kultura ere ekonomiaren motore izan daitekeela uste dute bi ekoizle legorretarrek. «Oso atomizatuak gaudela egia da, enpresa oso txikiak gara, baina lanpostu asko dira. Diru publikotik kulturara bideratzen den euro bakoitzeko, gizarteak 4 euro jasotzen ditu bueltan. BPGren %0,66-0,80 bitartean inbertitu, eta gero %4 suposatzen du. Ez dut ulertzen administrazioak nola ez duen ikusten krisitik ateratzeko eta lanpostuak sortzeko sektore oso garrantzitsu bat izan gaitezkeela», dio Zinkunegik.
Agirrek ere arbuiatu egin du kultura «kapritxo» gisa hartzea, «luxuzko artikulu bat izango balitz bezala». Bestetik, Katalunia erreferente jo du, Ingalaterrarekin batera. «Katalunian antzerkiak eta arte eszenikoek izugarrizko oihartzuna daukate gizartean, sozialki garrantzitsua da. Zentro Dramatiko Nazional inportante bat ere badute. Hango politikoei inporta zaie, joaten dira. Euskal Herrian ez da horrelakorik. Hemen ez dira antzerki lan bat ikustera joan, sekula! Ez ditut topatu 25 urteotan», deitoratu du.
«Pixkanaka», Euskal Herrian ere kultura hori sartuko dela ziur da Agirre. Goierrin jendea antzerkira joaten dela, interesa baduela eta «erantzuten» duela ikusi du. Zinkunegirentzat ere babesak «gertuenetik» hasi behar du. Beraiengana jotzen dute eskualdeko antolatzaileek eta eragileek.
Txalo konpainiarekin, egoera «zailera» egokitzeko gastuak estutu behar izan ditu. «Esango nuke, horrek azkenean ikuskizuna pixka bat pobretu egiten duela. Gauza gehiago eta hobeak eskainiko zenituzkeenean. Gehiago arriskatu behar duzu, eta lan gehiago egin lehengo erdia lortzeko».
Dar-Dar ekoiztetxeko arduradunarentzat, indarrak bateratu beharra dago. «Edo sektorea salbatzen da, edo ez da inor salbatuko. Garai honek zerbait onik baldin badu da aldaketa batera eramango gaituela. Aktiboak izan behar genuke, bai arlo pribatuak, bai publikoak, sektorean eraldaketa bat bilatzeko, hoberako. Gizartearen hoberako izango da.
Egoera «zaila» den arren, animoa eta ilusioa ez dituztela galdu nabarmendu du Agirrek.
Motzean
2013an zera egingo nuke gustura…
Zinkunegi: Guztiok konprometituko bagina, bakoitza bere arloan, gizartean aldaketa sakonak egon daitezke. Hori bermatzea gustatuko litzaidake.
Agirre: Musikal handi bat egiteko aukera izatea. Buruan badaukat zein, baina oraingoz ezinezkoa da.
…baina honegatik ezingo da /zaila izango da/ahalko da.
Z.: Saiatuko naiz, dudarik gabe. Espero dut inguruko jendea ere baietz.
A.: Aurrekontuak ikaragarrizkoak direlako.
Ametsetako antzerki lana?
Z.: Shakespeareren edozein. Hain handia da, profesionalki edozein alorretan lantzea gustatuko litzaidakeela: ekoizle, aktore edo zuzendari. Magikoa litzateke.
A.: Musikal hori. Genero hori gutxi egin da. Pixkanaka barrura sartzen ari zait, eta gustuko dut.
Antzerkia zer dago, txalo jotzeko ala dar-dar egiteko?
Z.: Dardarka txalo egiteko.
A.: Dardarka txalo egiteko [batak bestearena entzun gabe erantzun dute].
Hamar urte barru?
Z.: Hemen ote gaude?
A.: Oraingo ilusio berdinarekin ofizio berean jarraitzearekin konforme naiz.
«Izan ala ez izan». Gaur egun, bagara ala ez gara?
Z.: Ginen, gara eta izango gara, dudarik gabe.
A. Bagara, bagara… Eta izango gara, gainera.
Bizitza antzerki hutsa dela dioenari, zer erantzun?
Z-: Esaldi hori beraiek uste duten baino sakonagoa dela.
A.: Denak dauka antzerkitik zerbait, baita norbere bizitzak eta egunerokoak ere. Jende guztia ez da agertzen den bezala. Baina, antzerkirik onena, agertokian.
Gomendaiguzu lan bat.
Z.: Calderonen ‘La vida de sueño’, Centro Dramático Nacionalek ekoitzia eta Elena Pimientak zuzendua. Apustu handia da. Klasikoak asko gustatzen zaizkit.
A.: Gure antzezlana, ‘Pottola’. Kanpoan tokatu naiz eta estreinaldia ezin izan dut ikusi. Amorratzen nago jendearekin ikusteko.