Korrika iritsi da Goierrira eta eskualdea zeharkatzen ari da. Gauez eta euripean iritsi bada ere, jende askok eman dio babesa euskararen aldeko lasterketa erraldoiari. Iluntze partean sartu da Korrika Goierrin, Legorretatik. Itsasondo pasata, Ordiziara iritsi da gero, eta handik Zaldibiara. Lazkaomendiko maldak pasata, Lazkaoko herrigunean sartu da 21:45 inguruan, hamar bat minutuko atzerapenarekin. Handik, Olaberria aldera egin du, eta Ihurretik barrena, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain eta Segura zeharkatuko ditu; Zegamatik pasa ondoren, Nafarroa aldera joango da Korrika. Goierri Garaiko herriak berriz, datorren asteazkenetik ostegunerako goizaldean pasako ditu.
Gasteizko argazkilari taldeak egungo egoerari errepasoa egiten dio Zelai Arizti kultur etxeko erakusketan
Urretxun berriki martxan jarri den aniztasun eta bizikidetza mahaiaren baitan, bost bideoko bilduma osatuko dute Aniztasuna Biziz izenburupean. Helburua, herri mailan kultura ezberdinen arteko bizikidetza bultzatzea izango da. Gattiken taldeak egindako Urretxuko aniztasuna ezagutzen lehenengo bideoa ikusgai dago jada goierri.hitza.eus-n eta urretxubiziz.com-en.
Asteburuan, Korrikaren aldeko eskualdeko afaria egin zuten Beasainen. 150 bat lagun bildu ziren, giro onean. Aurrena, lehiaketa gastronomikoa egin zuten, eta Goierriko 12 elkartek parte hartu zuten. Saria, Legorretako Aldapa Haundi elkarteak irabazi zuen. Lehiaketaren ondoren, afaria eta dantzaldia egin zituzten, Aiko taldeak lagunduta. Azken horretako irudiak, bideo batean bildu ditu Iñaki Andresek.
Korrika Goierrira iristeko ordu batzuen faltan, Beasaingo gaztetxoek Korrika Txikia egin dute gaur. Euria dela eta, aterpea bilatu behar izan dute, eta Loinazko San Martin plaza azpian egin dute korrika. Herriko hainbat ikastetxetako ikasleek parte hartu dute, lekukoa eta pankarta hartuta, euskararen aldeko martxan.
Gipuzkoako Trialsin Txapelketako laugarren proba jokatuko da etzi Santa Barbaran. Haur, gazte eta elite mailetan banatuta hartuko dute parte pilotuek: eta elite mailako munduko piloturik onenak izango dira Urretxun. Proba Goierri Txirrindulari Eskolak antolatu du, eta ikuskizuna «ziurtatuta» dagoela aurreratu dute.
Atzo bukatzen zen Bertsomovieda lehiaketan lanak aurkezteko epea, eta iazkoaren bide beretik, aurten ere erantzun ona izan du antolatzaileen deialdiak. Izan ere, dozenaka lan aurkeztu dituzte lehiaketara –31 daude ikusgai–. Aurrekoan bezala, gai eta formatu erabat ezberdinetako lanak aurkeztu dituzte. Antolatzaileek aurkeztutako lanak ikusgai jarri dituzte, eta martxoaren 18tik 24ra bitartean izango da botoa emateko aukera, Bertomovieda lehiaketaren webgunean. Goiko bideoan, arriarandarrek egin duten bideoa ikus daiteke.