Ez batentzat, ez bestearentzat. Ampo Ordiziak eta El Salvador taldeak 22na berdindu zuten joan den larunbatean Altamiran, eta partida jokatu aurretik bezalaxe geratu dira gauzak sailkapenean. Bi taldeek bina puntu lortuta, bi punturen aldearekin laugarren segitzen duten goierritarrek 65 punturekin, eta 63 dituzte Valladolidekoek. Azken jardunaldian jakingo da, beraz, zeinek bukatuko duen laugarren postuan liga erregularra.
Berria egunkaria sortu zeneko 10. urteurrena bete da aurten, eta hori ospatzeko ekitaldiak egiten ari dira herriz herri. Pasa den ostiralean, Beasaingo Usurbe antzokian izan ziren. Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak egindako sarreraren ondoren, urteurrenaren harira egindako dokumentala eta Metrokoadroka taldearen 'Zertarako hegoak' antzezlana eskaini zituzten.
Duela 20 urte hil zen Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki'. Harrezkero, urtero egin diote omenaldia Lazkaon, bere jaioterrian. Aurten ere, haren omenezko bertso-afaria eta ekitaldi herrikoia antolatu dituzte. Besteak beste, herriko dantzariek, musikariek eta bertso eskolako ikasleek parte hartu dute ikuskizunean.
Mikel Aiestaran (Beasain, 1975) kazetariak zazpi urte daramatza free lance bezala, bere kontura kazetari lanak egiten, bere herritik milaka eta milaka kilometrora. Lana urrun egin arren, egun bi ume eta emaztea Azpeitian zain izaten ditu, bere «basean». Sei urtean erredakzio lana probatu ondoren, mundu zabalean berekasa lan egiteko erabakia hartu zuen 2005ean. Asteazkenean hitzaldia egin zuen Beasainen, bere ogibidearen gazi-gozoak azaltzeko. Non egin zenituen kazetari gisa lehen pausoak? El faro de Ceuta egunkarian hasi nintzen karrera amaitzerako. Oso gazte atera nintzen etxetik, eta lana behar nuen. Gero Correon eta Diario Vascon aritu nintzen. Nola hartu zenuen erredakzioko lana utzi eta mundu zabalera bakarrik albiste bila irteteko erabakia? Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea. Motxila hartu eta aurrez ere Iraken, Libanon, Turkian… herrialde mordoska batetara bidaiatu nuen. Diario Vascon nenbilela hartu nuen erabakia. Erraztasun asko jarri zizkidaten eszedentzia bat hartzeko, eta halaxe abiatu nintzen. Nora? Amerikako Estatu Batuetara joan nintzen lehenengo. Bertan korrespontsal asko zeudela ikusi nuen, eta free lance gutxiago zeuden leku bat bilatu behar nuela ikusi nuen. Hiru hilabete igaro nituen bertan eta kazetari gisa zorte askorik izan ez banuen ere, asko ikasteko balio izan zidan: munduan zehar ezartzen diren ereduak ezagutu ahal izan nituen, kultura, bizimodua… Oso idealizatuta ditugula [...]
Bi dira liburuak behar dituen subjektuak: idazlea eta irakurlea. Idazlearen sormena alosiek edo musek eragiten dutenaren mitoaren kontra, Bergaran (Gipuzkoa) Idazle Eskola martxan jarri zuen Tere Irastortza poeta beasaindarrak orain hamar urte: «Musikaria kontserbatorioan trebatzen bada, zergatik ez idazleen eskola bat?». Orduz geroztik 120 literaturzale igaro da Bergarako Urrutiko Unibertsitatera atxikitutako eskolatik. Bi urteko ikasketak egiten dituzte, eta ikasleei jartzen dieten lehenengo ariketa, gelatik atera eta autora doan bidean topatzen dituzten hiru objektu harilkatuta istorio labur bat kontatzea da.