Udaberri beteko feria
Duela hilabete pasa hasi bazen ere, orain arte udaberri itxura handirik gabeko feriak joan dira, astea joan astea etorri. Beranduago bada ere, atzokoa aitzakiarik gabekoa izan zen, ordea. Postu dezentetan ikusi dira ilarrak eta babak. Babak aire librekoak dira, ilarrak, negutegikoak oraindik. «Eta dena behar, igandean gure negutegi barruan 3,5º ziren eta Arantzazun izotza bota omen zuen» aipatu du Patxi Arizmendi aramarrak; gustura zen, 10 kilotik gora ilar bildu zituela eta.
Udaberriko azak zituen Juanita Murgiondo mutiloarrak bere postuan. Baliarraingo Edurne Jauregik, berriz, errefautxoak. Eta Aldabako Salba Cuadradorenean, tipulatxa belarra aurki zitekeen. Zerrenda itxuratzen ari da.
Loreetan zer esanik ez, aukera hain da aberatsa, denak aipatzeak luze joko lukeela. Ezagunenetara joaz, surfinia (1,8 eta 2,5 euro artean) eta etxeko poza sinplea (0,90-1), biak ere, hemendik aurrera astero izango direnak.
Arabako ohituren eragina
San Prudentziotan (apirilak 28) udaberriko zizak jatearen ohitura Arabako kontua da bereziki, baina nonbait, eragina beste lurralde batzuetara ere hedatu da; izan ere, atzo goizean goizetik hasita, lan eta lan aritu ziren hiru postutako saltzaileek. Guztira kontatu genituen 320 kiloak eskuetatik eramaten zizkieten. «Gasteizera joateko ohitura ere badugu eta aurten ez dakit nahikoa genero izango ote den» zioen Mikel Lasak.
Atzo lehen onddoak salgai zituzten Basoakoek, Santa Maria kaleko izkinako postuan. 30 kilo ekarri zituzten, kiloa 20 euroan salgai. Zizahoriak ere bazituzten beraien postuan.
Ikasitakoa praktikan jartzen
Zer ikusi hura ikasi, aspaldiko esana da, eta errazago ikasten da praktikatik eta bertatik bertara bizitakotik. Hori aintzat hartuta, Itsasondoko Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 28 haur, hiru irakasle lagun, Ordiziako azokan ibili ziren, postuz postu. Joxe Mari Mendizabal irakasleak adierazi zigun moduan, prezioak bitarteko, matematika ariketak egin zituzten. Baina horrez gain, landare eta barazkien bidez, garaian garaiko produktuen eta ingurumenaren ezagutza sakondu nahi izan zuten. Egindako produktuetan ere, elaborazioari buruzko zehaztasunak bilduz aritu ziren, hala nola ogiarenak. Izan ere, feriak jakinbide asko baititu, zabalik eta bista bistan.
- Azokako prezioak