Berria.info- Atez atekoa eta bosgarren edukiontzia, biak jarriko dituzte martxan Legazpin. Proba egingo dute, eta emaitzak ikusi. «Biei emango diegu aukera», dio alkateak. Bakarra da baldintza: %73tik gora biltzea gaika. Bi sistema aldi berean jarriko dituzte, proba modura: atez atekoa eta bosgarren edukiontzia. Hondakinak biltzeko moduak sortutako zalapartari gisa horretan jarri nahi izan diote irtenbidea Legazpin (Gipuzkoa). Sei hilabeteko proba egingo dute, eta ondoren erabakiko dute behin betiko eredua. Jaietan dira herrian, baina elkarrizketa egiteko tarte bat hartu du Kepa Urzelai alkateak (Legazpi, 1976).
Nafarroako erresumaren gazteluetako bat izan zen Aralarko lurretan dagoen Ausa-Gaztelu. Nabarralde elkarteak deituta, urtero egiten dute ospakizuna maiatzaren 1ean, Nafarroaren memoria berreskuratu nahian. Pronostikoak ikusita beldur izateko motiborik bazen, baina azkenean eguraldia portatu eta lasai egin ahal izan zuten Larraiztik gorako bidea. Behin gazteluaren aztarnak dauden tokian, dantzariek Nafarroako banderari agurra egin eta Nafarroako erresumaren ereserkia abestu zuten, txistuz lagunduta. Nafarroa «herri askea, txikia, baina subiranoa» zela gogoratu zuten ekitaldi horrekin, eta konkistatua izan zelako galdu zuela subirautza hori.
Negua oso euritsua izan dela eta udaberria ere tankera bertsuan doala esatea ez da albiste, baina bai meteorologia heze horren eragina. Orain egun gutxi ere goiko larreak zuritu zituen azken elurteak, eta mendia busti-busti eginda dago oraindik. Egoera horrek, noski, belarraren ernetzea atzerarazi du, eta Aralarko larreak ez daude erabat egoki 20.000 bat ganadu buru hartzeko. Hala ere, maiatzaren lehena izan zen atzo, eta Aralarko larreak ofizialki irekita geratu ziren, Larraizko (Abaltzisketa) Zamao atsedenlekuan egindako festarekin.