Domingo Unanue arkitekto ordiziarri buruzko lan batek jaso du Mendizabal II. Beka
Adur Ezenarro Agirrek Domingo Unanue Saez de Asteasu ordiziar arkitektoari buruz aurkeztutako Domingo Unanue (1901-1985) arkitektoa lanak jaso du Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako Victor Mendizabal II. Bekaren deialdia. Ezenarro (Ordizia, 1977) bera ere arkitektoa da, eta Unanueren figura eta haren lana ikertzea izango da proiektuaren zeregina. Ikertzaileak urtebeteko epea izango du lana egiteko, eta 7.000 euroko laguntza jasoko du. Ikerketa lana euskaraz egingo du Ezenarrok, eta bi fase izango ditu. Aurrenekoa, Domingo Unanueren lana katalogatzea izango da –gaur arte ez da horrelakorik egin–, eta bigarrena, haren obraren azterketa zehatza egitea.
Ordizian bertan Unanuek egindako hainbat lan ezagutzen badira ere, denboraren poderioz ahaztu egin da nor izan den lan horien egilea. Lan horiek denak katalogatzea izango da Ezenarroaren lehen lana. Behin haren lanak identifikatuta, haren obran zentratuko litzateke ikerlea, eta Domingo Unanueren arkitektura estiloaren bilakaeran sakonduko luke.
Herri Antzokia, lehen obra
Proiektuak jasotzen duenez, Unanuek egindako lehen lanari merezi adinako trataera eman nahi dio Ezenarrok ikerketa honekin. Unanue da gaur egun Herri Antzokia izenarekin ezagutzen den eraikinaren egilea. Etxezarreta zine-antzokiaren proiektua 1927an egin zuen Unanuek, eta 1928an eraiki zen. Ezenarroaren arabera, mugimendu modernoaren maisulana da antzokiaren eraikina, nahiz eta orain arte egin diren garaiko analisi eta azterketa guztietatik kanpo geratu.
Gizarte zientzien, natur zientzien eta humanitateen arloko ikerketa bultzatzea da Victor Mendizabal Bekaren helburua, eta epaimahaiak –Belen Maiza zinegotzia, Nekane Balluerka EHUko katedraduna, Jesus Mari Gaztañaga MUko Goierriko campuseko arduraduna eta Patxi Garmendia historialaria– lanaren kalitate zientifikoa eta originaltasuna, eta egilearen ikerketarako gaitasuna baloratu dituzte.
Ondasunak herriarentzat
Domingo Unanue Saez de Asteasu Ordizian jaio zen 1901eko abuztuaren 4an, eta herriko San Jose egoitzan hil zen 1985eko urriaren 4an. Arkitektura Madrilen ikasi zuen, eta bosgarren mailan egindako proiektu bati esker Parisko Nazioarteko Erakusketara joateko ordezkari izendatu zuten. Munduko arkitekto abangoardistenak bildu ziren han. 1926an eskuratu zuen titulua, eta Gipuzkoara itzultzean Domingo Agirregabiria arkitekto donostiarrarekin rekin hasi zen lanean.
Natividad Aizpururekin –Santa Maria kaleko Barretxe etxekoa– ezkondu zen 1930ean, eta alaba bakarra izan zuten, baina hil egin zen. Oinordekorik ez zuenez, ondasunak Ordiziako herriari eman zizkion Unanuek hil baino hilabete batzuk lehenago.