Herriko hirigintza ondarea aztertzeko plan bat abian jarri dute Legazpin
Herriko hirigintza ondarea identifikatzeko, etorkizunean zein erabilera eman zehazteko edo hala behar den kasuetan babesteko neurriak hartzeko azterketa plan bat jarri du martxan Legazpiko Udalak. Jose Miguel Medina arkitekto legazpiarra eta Beatriz Herreras historialari urretxuarra dira azterketa honen arduradunak.
Hirigintza ondareak herriko eremu zabal bati egiten dio erreferentzia. Herrerasek dioen bezala ondarearen kontzeptua aldatuz joan da. 60. hamarkadara bitartean ondare «elementu enblematikoei» deitzen zitzaien. Ordutik aurrera, hala ere, definizioa bera aldatuz joan zen eta gaur egun ondare dira baita, «eremu industrial bat edo paisaia kulturala» ere.
Definizioaren bilakaera
Legazpiren kasuan, elementu multzo zabal bat hartuko dute kontutan azterketa egiterakoan. Adibidez, «dolmenak, haizeolak, burdinolak, errotak, baserriak, Brinkolako zubiak, Haztegi ikastola, asiloa, langile auzoak —San Inazio, Arantzazu, San Juan— Patrizio Etxeberria lantegia zeneko eremua, Mirandaola edo Udanako meategiak», besteak beste.
Apirilean hasi ziren azterketarekin. Lehenengo lana ondare guztia identifikatzea izan zen. Medinaren hitzetan «lanik gehiena aurretik eginda zegoen». Izan ere, 80. hamarkadatik hona, Eusko Jaurlaritzak, Legazpiko Burdinola kultur elkarteak edo Lenbur Fundazioak «lan asko egin duten ondarearen berreskurapenean».
Azterketaren emaitza «txosten bat2 izango da. Txosten horretan ondarearen ikuspuntutik «elementu garrantzitsuenak identifikatuko dira. Ondoren, hauek etorkizunean iraun dezaten ekintza ezberdinak proposatuko ditugu», zehaztu du Medinak. Txosten hau udalari lagungarri gertatuko zaio, adibidez, herrian lanak egiterako orduan. Udalarentzat «ondare irizpideetan oinarritutako tresna bat» izango da.
Dagoena mantentzearen alde
Azken urteetan, zegoena bota eta berria eraikitzeko joera «gehiegi» egon da Herrerasen ustetan, horregatik «pentsamendu aldaketa» bat beharrezko ikusten du, besteak beste, «zaharra den guztia ez delako zertan okerragoa» izan behar. Dagoena mantenduz, eraikin zaharkituei, edo auzoei erabilera berriak eta ezberdinak emateko joera aspaldikoa da Europako zenbait herrialdeetan, «lehenago industriarako erabiltzen zen eraikin bat etxebizitza bihurtu daiteke, adibidez, hori da loft bat» zehaztu du Medinak.
Herriko ondarea balioan jarri nahi dute, ezagutzera eman, bestalde azterketa honen bitartez. «Ondarea ez zertan zama bat izan behar, aukera bat izan liteke erabilera egokia ematen bazaio» dio Herrerasek. Baina, ondarea hori baino gehiago da, «herriaren izaera eta historiaren isla da, identitatea sortzen duena, eta kasu honetan, Legazpi beste herri batzuetatik ezberdintzen» duena.
Hasierako plana irailerako onartuta egon behar da. Herritarrei bere berri emango zaie, ekarpenak egin ditzaten. Abendura bitartean alegazioetarako tartea irekiko da. Urtea amaitzerako Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman behar dio behin betiko plana.