Beasaingo Olanok irabazi du odolki lehiaketa, zortzigarren aldiz
Beasaingo Olano harategikoek zortzigarren aldiz irabazi dute, gaur eguerdian, Beasaingo Odolki Lehiaketa. Gernika pasealekuko frontoian izan da odolkiaren festa. Lehiaketan 13 harakinek parte hartu dute. Bigarren Beasaingo Julian Mujika harategiak egin du, eta hirugarren Ezkio-Itsason obradorea duen Jesus Mari Debak.
Olanok Beasaingo odolkiaren errege izendapena jaso du, urtebeterako. Otsailaren 5ean, Loinazko San Martin egunean, Odolkiaren Kofradiak egingo duen ospakizunerako hestebeteak berak egingo ditu, sarietako bat enkargu hori baita. 300 euro eta udalaren garaikurra ere eman dizkiote.
Harategi horrek, hainjustu, gaur bete ditu 50 urte, zabaldu zutenetik. Joxe Manuel Olano semeak azaldu du odolki saritua “asteazkenean” egina dela. “Aste hau nahiko konplikatua izan da, ostirala jai zelako. Betiko moduan egin dugu, eta osagaiak erabilita, ahal den onenak. Eta mimoz, ez dago beste sekreturik”, zioen, saria jaso berritan. “Lehiaketa honetarako asko saiatzen gara, herrian delako”. Osagaiak “bertako baserrietatik” ekartzen dituzte, bai barazkiak, bai manteka. Tipula, bertan nahikoa ez, eta Valentziatik ekartzen dute.
Zortzigarren saria jaso izana ere pozik hartu dute. “Fama pixka bat hartu dugu, eta guretzat oso garrantzitsua da. Odolki asko egiten dugu. Aita 18 urte nituela hil zen, eta 31 urte daramatzat harategian. Denbora asko. Desgraziaz hasi ginen, baina gaur egun dagoen giroarekin lana egin ahal izatea oso pozgarria da”, esan du Joxe Manuel Olanok.
Isabel Imaz amarekin batera jaso du saria Olanok. Zazpi aldiz tranpaldora saria hartzera igoa den Imazek aurten “trankilago” bizi izan du lehiaketa. “Aurreneko urtea da trankil egon naizena, lanari utzita nagoelako orain”. 75 urte ditu, eta ondorengoek ere odolki txapeldunak egiten jarraitzen dutela ikusita, gustura zegoen. “Bisitan joaten naiz orain, nola egiten dituzten ikustera”.
Maila “berdintsua” odolkien artean
Lehiaketara 13 odolki aurkeztu dituzte. Epaimahaia 32 lagunek osatu dute, gastronomiaren eta osatalaritza munduaren arlokoak gehienak. Han ziren, esate baterako, Madrilgo Sidreria Donosti sagardotegiko etxekoandre Juanita Aranburu ormaiztegiarra, hiri bereko Maitia jatetxeko arduraduna, Beasaingo Kattalin, Artzai Enea, Urkiola, Batzoki eta Castillo jatetxeetako buruak, Joseba Argiñano zarauztarra, Tolosako Frontoiko Roberto Ruiz beasaindarra, Ricardo eta Nicolas Remiro aita-seme gaztagile eulatearrak, Ordiziako Pottoka tabernakoa, Lazkaoko Maitteko Maite Garmendia, Tolosako Julianeko Matias Garmendia idiazabaldarra… Lehenago odolkiak egiten zituzten bi harakin beasaindarrek ere dastatu dituzte, Juan Mari Irizarrek eta Pako Aranburuk. Barazkiak goraipatzen dituen Tuterako (Nafarroa) Cofradía del Volantín elkarteko kide bat ere han zen.
Odolki guztiak “oso berdintsuak” direla esan dute galdetutako epaile guztiek. “Ez dago diferentziarik batetik bestera”, zioen Pello Irazustabarrenak. Emiliano Mujika irakasle gabiriarrarentzat ere aurten ez zaie tokatu “nabarmentzeko” moduko odolkirik. “Egia esatearren, gure mahaiak komentatu dugu aurten agian beste urteetan baino maila kaxkarragoa, bajuxeagoa egon ote den. Bi edo hiru baziren besteak baino hobeak, baina orokorrean berdintsuak ziren”.
Ondoren, epaileen puntuak batuta —ez dute jakinarazi zenbat lortu dituen bakoitzak—, lehenengo postua lortu duen Olanoren odolkiak bigarrenarekiko alde handia atera du. “Azkeneko hamar urteotan lehenengoaren eta bigarrenaren artean egon den puntu diferentziarik handiena”, aurkezlearen esanetan.
Odolki lehiaketaren inguruan, salmenta azoka ere egin da. Janariak, kontserbak, gazta eta hamaika motatako produktuak jarri dituzte saltzaileek, Gernika pasealekuaren luzera osoan. Jendearen artean pintxotan banatzeko 200 kilo odolki egosi ditu Beasaingo Odolkiaren Kofradiak.