https://t.co/bOgG6ydlJd
Metalgintzako enpresetan lan hitzarmenak sinatzeko ekimenen barruan, Olaberriko Hine lantegiaren aurrean kateatu ziren lau ordezkari sindikalek Tolosako Auzitegian deklaratu behar izan dute, gaur goizean.
Gertakaria ekainaren 21ko goizean izan zen, LAB sindikatuak burutu zuen protesta batean. Metalgintzan deitutako greba sortaren hirugarren eguna zen, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. Hineko bulegoen parean —Adegiko lehendakari Pello Gibelalderena da–, sarreran katez lotu zuten euren burua lau lagunek. Ertzaintzak moztu zien katea. Istiluen aurkako materialez hornitutako hainbat ertzain ere joan ziren. Ez zen istilurik izan.
Ertzaintzak gertaeraren atestatua egin zuenez, Tolosako Auzitegiak ofizioz deitu ditu bi aldeak deklaratzera. Orain, epaiketa egin behar den ala ez ebatzi beharko du epaileak.
Toloako epaitegiaren aurrean bilkura, gaur. /LAB-CAF
LABeko lau ordezkariek, beren deklarazioan, kateatzea nola eta non egin zuten kontatu dute, epailearen galderei erantzunez, baita protestaren testuingurua eta arrazoiak ere. «Ertzaintzak leporatzen die enpresaren sarrera eta trafikoa oztopatu zutela. Hori inondik inora ez zela gertatu ziurtatu dute. Ez zen zirkulazioa eten, eta langileen sarrera-irteerak bermatuta zeuden, beste bi ate irekita zeudelako», azaldu du LABeko ordezkari Urko Jauregik. Bilkura egin dute sindikatuaren 50 bat ordezkarik epaitegiaren aurrean.
LABek azaldu du Hineren aurreko kateatzea ekintza «sinbolikoa» izan zela, «Gipuzkoako enpresaburuen Adegi elkargoarekin eta bere lehendakari Pello Gibelalderekin desadostasuna agertzeko».
Uztailaren 9ko ekintza, Olaberriko Hinen./Ane Arrieta