Goierriko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) Zumarragako Ospitalean egoitza dauka, eta bertatik material ortopedikoa berrerabiltzeko kanpaina jarri dute martxan. Europan Hondakinak Saihesteko V. Astea egiten ari dira aste honetan, eta Goierriko osasun erakundeak kanpaina honekin bat egin du. Leire Jimenez Goierriko ESIko ingurugiro arduraduna da, «gure asmoa ortopedia-tresnen berrerabilpen kanpainak denboran irautea da». Goierriko ESIk material ortopedikoa emateko prest daudenak eta behar dutenak hartu emanean jartzeko zubi-lanak egingo ditu.
Metalgintzako enpresetan lan hitzarmenak sinatzeko ekimenen barruan, Olaberriko Hine lantegiaren aurrean kateatu ziren lau ordezkari sindikalek Tolosako Auzitegian deklaratu behar izan dute, gaur goizean. Gertakaria ekainaren 21ko goizean izan zen, LAB sindikatuak burutu zuen protesta batean. Metalgintzan deitutako greba sortaren hirugarren eguna zen, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. Hineko bulegoen parean —Adegiko lehendakari Pello Gibelalderena da–, sarreran katez lotu zuten euren burua lau lagunek.
Berria.info- Atzo goizean jakin zuen albistea Andoni Lubaki argazkilari eta kazetariak (Urretxu, Gipuzkoa, 1982): aurten Sirian ateratako argazkiengatik, Atlanta Photojournalism Seminarrek antolaturiko Chris Hondros saria irabazi du. «Pozarren» hartu du albistea, ez baitzuen horrelakorik espero. Argazki sorta onena izendatu dute urretxuarrarak Associated Press agentziarako eginiko lana. www.photojournalism.org webgunean ikus daiteke Lubakik Sirian ateratako argazkiak.
Haurren Nazioarteko Egunaren harira, Beasaingo Aisihezi elkarteak ekintza ugari antolatu ditu bihar arratsalderako. Ekintza hauen artean haurren eskubideen dekalogoaren irakurketa egingo dute, haurren eskubideak gogorarazteko. Horrez gain, arratsaldeko 17:00etatik 18:30era, plazapean 5tik 8 urte bitarteko haurrek aurpegi margoketa, bideo proiekzioa, jolas erraldoiak, marrazketa txokoa eta beste hainbat jolas izango dituzte gozagai.