Azken 25 urteetan, Santa Lutzi feriaren atarian, Luzio Gabiria (Gabiria, 1923 - Urretxu, 1986) bertsozale, gai jartzaile eta eragile nabarmenari omenaldia egin diote. Gabiria oroitzeko urtero puntako bertsolariak bildu dira Zumarragako Zelai Arizti aretora. Aurten ere hala izango da eta Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Aitor Mendiluze kantatuko dute bihar, 22:15ean. Zumarragako eta Urretxuko Bertso Eskolak, Zumarragako Udalaren babesarekin antolatzen duen ekintza da. Aurtengo berritasuna da bertso eskolako gaztetxoek bertso saioan zehar kantatuko dutela. Gaijartzaile lanak, ohi bezala, bertso eskolako kideek egingo dituzte.
San Nikolas Txikiaren ohitura urtez urte mantentzen dute Zegaman. Aurten ere, Aitxuri herri eskolako ikasleak kantuan atera dira, umeen patroiaren omenez. Aurten, Ixie Elortza eta Etor Olarte izan dira santu txikiaren jantzia eraman dutenak. Goizeko 9:00etan hasita, herrian barrena aritu dira, doinu eta letra zaharrak ahotan. Eskean bildutako dirua, elkartasun proiektuetara bideratzen dute urtero, eta aurten, Filipinetara bidaliko dute.
Jon Marotori (Urretxu, 1979) adrenoleukodistrofia gaixotasuna diagnostikatu zioten orain hiru urte. Ordutik, bere bizitza ez da berdina izan. Gaixotasuna onartzeko prozesua luzea eta «oso gogorra» izan dela aitortu du, baina orain, hasi da tunelaren amaieran argia ikusten. Zenbait muga dituela ulertu du, eta bere esperientzia antzeko egoeran egon daitezkeenentzat lagungarri izan daitekeela sinistuta, Ezintasuna onartuz izenburupean hitzaldia eskainiko du datorren astelehenean, Urretxuko kultur etxean, 18:30ean hasita.
Zumarragako Udaleko gizarte zerbitzuen sailak antolatuta, Boliviako Ensamble Moxos taldeak kontzertua eskaini zuen atzo Zelai Arizti aretoan. Hiru hilabeteko bira egiten ari dira, eta beren kantuak 60 herrialdetara eraman ondoren, Boliviara bueltatuko dira aurki. Hango musika eskolek bizirik iraun dezaten Europan jaso duten laguntza eskertu zuten eta laguntza hori ezinbestekotzat jo zuten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko hasi ditu Urretxu eta Legazpi lotuko dituen bidegorri zatia osatzeko lanak. 500 metroko zatia izango da, Legazpi sarreran dagoen GSB Forja lantegitik herriguneko bidegorriarekin bat egin artekoa. Obrak Urbycolan enpresak egingo ditu, eta bost asteko epea du bukatzeko. Lanen aurrekontua 96.800 eurokoa da.