Zumarragako udaletxeko areto nagusian kirolariei omenaldia egin diete udal ordezkariek. Udal gobernua buru, alderdi guztietako ordezkariek kirolariak hartu dituzte udaletxeko areto nagusian. Ez da Zumarragako Udalak omenaldi hau egiten duen lehen urtea; aurten, omendutako kirolari gehienak atletak izan dira. Omendutako kirolariak: Josetxo Mujika, Gema Hernandez eta Tasio Gomez atletak, Asier de la Iglesia saskibaloi jokalaria eta Eitzagako jai batzordea.
Urretxuko eta Zumarragako txistulariek, urtero egiten duten Eguberrietako txistu jaialdia eskaini dute asteburuan. Aurten ere, jendetza bildu da, Beloki pilotalekuan. Bertan, txistulariez gain, Lurra dantza taldekoek ere parte hartu zuten, koreografia batekin. Gotzon Aranburuk bildu ditu jaialdiko irudiak.
Urretxuko Udalak Gabon garaian herriko kaleak atontzeko apaingarri jasangarriak baliatu ditu aurten ere. Jon Altolagirre zinegotziak adierazi duenez «2011tik udala kontsumo arduratsuaren eta birziklapenaren inguruan» egiten ari den gogoetaren inguruko emaitzetako bat da. Zinegotziak esandakoaren arabera, apaingarriak «La Salle eta Gainzuri ikastetxeetako eta Jose Mari Iparragirre institutuko ikasleek eta Aterpe elkarteko emakumeek» egin dituzte, Arazi Ingurumen Heziketa Proiektuak enpresako kideen laguntzarekin.
Bidegi ari da Urretxu-Antzuola zatia egiten, hain zuzen Deskargako mendatea saihesteko tunela duena, eta ostiralean tunel horietako bat, Antzuolatik Urretxurako noranzkokoa, zulatzen amaitzen zuten; bi aldeak elkartuta baitaude jada. Tunela eraikitzerakoan hainbat arazo izan ziren, luiziak izan zirelako, baina arazo horiek konpondu dira eta lanak aurrera doaz, martxa onean. Tunela 650 metro luze da, norabide bakoitzean hodi bat du (bi errei norabide bakoitzean), eta oinezkoentzako bi larrialdi irteera izango ditu, tunelaren norabide baterako hodia beste norabidekoarekin lotuz.
Beasaingo San Silbestre probak 40 urte beteko ditu aurten, eta urte hauetan antolatzaile lanetan aritu dira Juanjo Ruiz (Beasain, 1958), Markos Zurutuza (Ataun, 1950), Jesus Maria San Pedro (Beasain, 1956) eta Antonio Albiz (Beasain, 1952), Beti-bizi elkarteko kideak. Urte amaiera korrika eginez ospatzeko ideia Paulino Velazquez beasaindarrarena izan zen. Atleta ezaguna zen orduan, besteak beste, Larraiztik San Migelera azkarren joatearen errekorra zuelako, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du.
Gure Esku Dago ekimenak egitasmo berrien bila jarraitzen du, autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko. Ekainaren 8an egingo duten Gizakaterako motorrak berotzen joateko, lehiaketa bat egingo dute: Gureskuklipa. Abenduaren 12an egin zuten lehiaketaren aurkezpen ofiziala Beasaingo udaletxean Xanti Enparantzak eta Andoni Mikelarenak, Gure Esku Dago taldearen izenean.
Artzaintzan lan egiten dute Mariano Imaz ataundarrak eta Arantxa Garaiburu berastegiarrak. Latxaesnea kooperatibako presidentea da lehenengoa, Garsabikoa bigarrena. Arkume salmentaren gailurretako bat Eguberriak dira, eta sektorearekin kezkatuta ageri dira biak, arlo «oso larri» dagoela ohartaraziz. Batasun eza, jaki horrekiko apustu publiko falta eta prezio nahiz lehia injustuak salatu dituzte.