![Idiazabalgo_futbol_eskolar](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/01/Idiazabalgo_futbol_eskolar.jpg)
Futbolak haurren artean arrakasta itzela du, baina haur mailara heldu arte ezin dira futbol taldeetan aritu. Kirol ezberdinak probatuko dituztela bermatzeko eta futbolean jolasteko duten gogoa ez zapuzteko, futbol eskolak sortu dira. Idiazabalek ere badu berea. Igandean egin zuten lehen saioa.
Entrenamendu saioa 10:00etan zen, baina haurrek futbolean jokatzeko gogo bizia zuten eta dezente lehenago heldu ziren Idiazabalgo Arizkorreta futbol zelaira. Eguzkia lagun, jende asko elkartu zen bertan: haurrak, gurasoak, ikusleak…
Futbol eskolako arduradunek gonbidatu oso berezia ekarri zuten: Dani Garcia, Eibar taldean jokatzen duen Zumarragako futbolaria. Haurrei animoak eman zizkien eta entrenamendu saioan parte hartu zuen. Gainera, Idiazabalekin lotutako pasadizo bat kontatu zuen. «Nire kirol ibilbidean lesio bakarri izan dut: hemen hain zuzen ere».
Entrenamendua hasi aurretik, taldeko argazkia atera zuten. Ondoren, aldageletara joan ziren. Bertan, futbol eskolako arduradunek egitasmoaren nondik norakoen berri eman zieten haurrei. Aldagelatik atera ondoren, entrenamendua hasi zuten. Haur gehienak, Realaren kamiseta soinean, oso urduri zeuden: bata zer egin behar zuen galdezka, bestea atezain jarri ala ez zalantzan…
Entrenatzaileek euren zalantza guztiak argitu zituzten, pazientzia handiz. Idiazabalgo futbol eskolak bost entrenatzaile ditu: Claudio Tosi argentinarra (Argentinan eta Kolonbian profesionala izandakoa), Valentin Tena, Santi Hernando, Dunixi Murua eta Jon Enrique. Guztien buru, azken hau. Legazpiarra da, baina Ormaiztegin bizi da. Urte asko daramatza futbol munduan. Hasieran jokalari eta gero entrenatzaile.
Futbol eskolen nondik norakoak ondo ezagutzen ditu. «Futbol eskola klubeko parte bat da, baina klubak Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena behar du benjamin eta kimu mailako haurrekin lan egiteko. Horretarako, kirol proiektu bat aurkeztu behar du», azaldu zuen.
Haurrek ere baldintza bat bete behar dute: eskola kirolean parte hartzea. Eskola kirolean parte hartzen ez duten haurrek ezin dute futbol eskolan izena eman. Eskola kirolak du lehentasuna, beraz. Hala, Idiazabalgo eskolako haurrek igandetan entrenatuko eta jokatuko dute.
Beste futbol eskoletako haurrekin partidak jokatuko dituzte. «Foru Aldundiak federazioari haurren datuak bidaltzen dizkio eta honek lagunarteko txapelketak antolatzen ditu. Txapelketa hauetan ez dago sailkapenik. Benjamin mailakoek inguruko eskoletakoekin jokatzen dute eta kimu mailakoek Gipuzkoa mailan», azaldu zuen futbol eskolako arduradunak.
Idiazabalgo eskolak 44 neska-mutikoekin ekin dio ibilbideari. Horietatik hamar neskak dira. Gehienak Idiazabalgoak dira, baina Ormaiztegikoak eta Beasaingoak ere badaude. «Denborarekin haur gehiago izatea espero dugu eta Idiazabal futbol taldeko jendea entrenamenduetan inplikatzen saiatuko gara. Hamar umeko, gutxienez, entrenatzaile bat eduki nahi dugu».
Helburuak
Helburua kirola egitea eta harremanak sortzea da. «Futbol eskoletan, haurrek inguruko herrietako jendea ezagutzeko aukera dute. Helburu nagusia lagunak egitea da. Bigarren helburua, futbolean jokatzen ikastea da. Azken finean, formazioa da xedea. Ez dugu inongo hautaketarik egiten. Nahi duten haur guztiak etor daitezke. Baita zailtasun fisikoak dituztenak ere. Ez dugu inongo mugarik jartzen».
Aurten, ez dute ezer ordainduko. Datorren urtetik aurrera, berriz, 130 eurokoa izango da urteko kuota. «Gurasoek epeka ordaindu dezakete eta haurrek Idiazabal taldearen txandala, jertsea, kamiseta, entrenatzeko arropa, anoraka eta poltsa jasoko dituzte. Horretan joaten da dirua. Guk musu truk lan egiten dugu, futbola eta hezkuntza mundua gustatzen zaizkigulako. Ni neu, irakaslea naiz», esan zuen.
Enriquek haurrekin lan egitea oso atsegina dela dio. «Adin honetako haurrak ilusio handiz etortzen dira eta hori oso betegarria da. Aldagelan hemendik aurrera denak klub bateko partaide direla eta elkar errespetatu behar dutela esan diegu. Baita helduak eta hona jokatzera etorriko diren gainontzeko haurrak errespetatu behar dituztela ere. Hori da gehien baloratzen duguna. Jendea errespetatzen ez duenak ez du tokirik izango futbol eskolan».
Goierrin beste sei futbol eskola daude: Legazpin, Zumarragan, Beasainen, Lazkaon, Ordizian eta Seguran. Guztiak dira garrantzitsuak, baina Enriqueren ustez, herri txikietakoak funtsezkoak dira. «Kontuan izan behar da herri txiki batzuetan kirol eskaintza ez dela oso zabala. Bertan futbol eskola bat izatea luxua da».