Bide Ertzean talde tolosarra.
Gertakari historiko batean jarri zuten begia iaz Bide Ertzean musika talde gipuzkoarreko kideek 77 diskoa egiteko. Historikoa, eta gertukoa. Guardia Zibilak urte hatan tiroz hil zituen bi lagunetako bat osaba zuten Joxi eta Imanol Ubeda musikariek: Sebastian Goikoetxea Mariezkurrena. Hildako bigarren kidea Nikolas Mendizabal Barandiaran Zaharra zen, zaldibiarra. Gaur bigarrenaren herrian joko dute, Zaldibian.
Oroimen historikoa eta gertatuaren kontakizuna hitzetik hortzera dabiltzan garaiotan, errepide bazterrean bizia kendu zieten bi lagunen oroitzapena berreskuratu du Bide Ertzeanek 77 lanean (Gaztelupeko Hotsak, 2013). 1970eko aldaketa garai zurrunbilotsuko baloreak islatu ditu: «Askatasuna, maitasuna, berdintasuna bizi eta gozatu nahi duen gazteria. Feminismoaren eta ekologismoaren agerpena, ikastolen loraldia, sindikatuen bilakaera… 40 urteko gau beltzaren ondoren, orduko gazte belaunaldi haren ahalegina ez zen hutsala izan».
Bide Ertzean taldearen kontzertua gaur 22:30ean hasiko da, Zaldibiako antzokian. Sarrera 5 euro da. Txanbolinteroak txistulari taldeak antolatu du. Goikoetxearen ilobek interes handia daukate Zaldibian jotzeko. Zaharra-ren azken uneko laguna izanik, eta diskoa haiei eskaini zietenez, esanguratsua da Zaldibia.
Mendizabal eta Goikoetxea hil zituzten lekua, Gabiriako Altzibar baserriaren parean.
Bide ertzean metrailatuak
Mendizabal eta Goikoetxea 1977ko martxoaren 8an, asteartea, hil zituen Guardia Zibilak, Gabirian, 16:35 aldean. Zumarraga aldetik autoan zetozen ETA politiko-militarreko bi kideak, Francisco Aldanondo Badiolarekin batera. Altzibar baserriaren parean, Gabiriako bidegurutzean, errepide-kontrola jarrita zeukaten guardia zibilek.
Metraileten tiroekin bertan hil zituzten Mendizabal eta Goikoetxea ibartarra, eta hankan zauritu zuten Aldanondo ondarrutarra –bi urte geroago hil zuen Guardia Zibilak Tolosan, tiroketa batean–.
Protesta biziak eta ezinegon handia eragin zituen garai hartan bi etakideen hilketak. Amnistia eman aurreko hilabeteak ziren, ikurrina legeztatu zuten. ETAren bi adarrak geldi antzean zeuden azarotik, Erreforma Politikorako Legea onartu eta Espainiako hauteskundeak egin bitartean negoziazioak izan baitziren borroka armatuaren inguruan.
Gabiriako hilketen ondoren egoera politikoa gogortu egin zen, berriz. Manifestazio jendetsuak eta greba orokorrak egin ziren Hego Euskal Herri osoan gertaera hura salatzeko. Espainiako Gobernuak bigarren amnistia partzial bat eman zuen martxoaren 11n, giroa lasaituko zuelakoan. ETA-pm erakundeak bi egun geroago, martxoaren 13an, Arrasaten guardia zibil bat hilez erantzun zion hilketa bikoitzari.
Bide Ertzean taldearen webgunean, Malores Etxeberria zaldibiarrak gogoratzen duenez, Mendizabalen hilketaren biharamunean «herria hutsik, balkoietan ikurrinak zintzilik eta hezurretaraino sartzen zen tristura» zegoen. Artzain familiakoa zen Zaharra, bera ere artzain ibilia. «Gogoan dut oso mutil maitea zela Nikolas herrian».
Bide ertzetik Bide Ertzeanera, gertaera haren oihartzuna Zaldibiara itzuliko da gaur atzera: tiro hotsen ordez musika soinuekin.