Gi-632 errepideko lanak “martxa onean” doaz bide azpiegituretako diputatuaren arabera
Gi-632 errepidean Beasain eta Bergara lotuko dituen errepideko lanak “bide onetik” doazela esan du gaur goizean Larraitz Ugartek, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, kazetariekin lanak egiten ari diren gunera egindako bisitan. Bidegi enpresa egiten ari da Urretxutik Antzuolara arteko zatia, Deskargako tunelak ere bere baitan hartzen dituena. Antzuolako eremuko lanak aldundiak hartuko ditu bere gain.
Beste alde batetik, lanak “erritmo onean” doazela eta “pozik” agertu da diputatua. Aurreikuspenak beteta “2015eko apirilerako erabat amaituta” egingo dira une honetan eraikitze fasean dauden bi eremuko lanak. Urretxuko zatia, hau da, Bidegiri dagokiona lehenago amaitzea aurreikusten da, “2014ko urrirako amaituta egongo da obra zibila, eta 2015eko urtarrilean amaituko da instalazioak jartzen”. Behin lan hauek amaituta Antzuola Bergararekin lotzeko errepidea egitea baino ez da geldituko, eta horrekin amaitutzat emango dituzte Beasain Bergara errepideko lanak.
Errepide berrian ordainsaria jarriko den ala ez galdetuta ez du adierazpenik egin nahi izan diputatuak, gaurkoa “obrak ikusi eta lanak nola doazen jakiteko eguna” dela erantzunda. Hori bai, obraren proiektua “aurreikusitako neurrien arabera” egingo dela aurreratu du, ordainsariak jarri ahal izateko plataformak eraikiko direla baieztatuz.
Amaitzeko, lan hauekin “gauzak beste modu batera egin daitezkeela” erakutsi nahi dutela esan du Ugartek. Hala, aldundia “jarraipen zorrotza egiten ari da sindikatuekin eta patronalarekin hitzartutako hitzarmena betetzen dela eta langileen eskubideak bermatzen direla jakiteko”, esan du. Bestalde, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Bergarako udalekin elkarlanean “langabetuen zerrendak” osatu zirela eta egun udalerri hauetako zazpi bizilagun lanean ari direla jakinarazi du.












