Jexux Aizpurua: "Barandiaran oraindik ere euskaldunon erreferentzia da, nahiz eta zaharra izan"
Joxemiel Barandiaranen euskarazko idatzi pertsonalak aztertu ditu Jexux Aizpurua ataundarrak. Egunerokoetan bere buruarentzat idazten zituen gogoetak Ataungo euskaran eta hika egiten zituen etnologoak. Aurten 125 urte beteko dira jaio zela. Aizpuruak haren lanak aztertu ditu, batez ere bere buruarentzat idatzi ohi zuen egunerokoa. San Gregorioko Sara etxeko Barandiaranen langelan hartu gaitu, liburu, aitortza-plaka eta jakintsuaren objektuen artean.
Barandiaranen euskarazko idatziak aztertu dituzu. Zer aurkitu duzu?
Oso gutxi aztertu dugu oraindik. Orain arte azaldu izan diren argitalpenak erdarazkoak dira. Azken urteotan bere egunerokoa ari da argitaratzen Fundazioa, Interneten. Berealdiko altxorra azaldu da. Bere buruarekin euskaraz egiten zuen, ikergaiak bildu ere euskaraz, baina gero erdaraz jartzen zuen, argitaratzeko hori zelako ohitura.
Noiz hasi zen euskaraz idazten?
Egunerokoetan, 1947an gutxi gora-behera hasi zen euskaraz idazten, Saratik Ataunera etorri baino lehentxeago. Lehenago tarteka baditu pasarte batzuk, batez ere San Gregorioko jaiak zirela-eta, herrimina etortzen zitzaionekoak. Bere buruari Ataungo euskaran eta hika idazten dio. Nik uste ez zuela pentsatzen hori sekula inork irakurri behar zuenik. Berarentzat kontuak ziren, oso barrukoak, auzokoak edo familiakoak. Ikusten zuen guztia jasotzen zuenez, historiarako eta memoria historikorako oso interesgarria da. Ikerketan, 1934an Leen euskal gizona euskaraz atera zuen.
Hikako zein forma erabiltzen du?
Hizkuntzari dagokionez, hikako aditzak gaur egun gazteek erabiltzen ez dituztenak dira. Guk jada gipuzkerarenak-edo egiten ditugu. Aditz laguntzaileetan ere aberastasun handia dago: etorri diarea, zaieatzak, zaatak, zeetuia… Pluralean, badago esan dietzat berezi hori; oraindik hemen esaten dute. Paradigma osoak egin litezke. Hor badago oraindik eginkizuna, filologoren batek hel diezaioke. Guk erabiltzen ditugun formak ere badaude: otsomazue, goazemazue…
Zuk noiz ezagutu zenuen Joxemiel?
Zahartuta ezagutu genuen, hona etortzerako jada bazeuzkan urte batzuk. Ezagutu-ezagutu, 1971n, Limurita izeneko arpe bat zegoen, gero harrobiak jan zuena eta orain ez dagoena. Uda batean han aritu ginen berarekin indusketan. Ordurako bazituen 80 urte. Arratsaldeetan joaten ginen, eta isildu gabe aritzen zen kontuekin. Orduan ikasi genuen eskolan ikasten ez diren gauza asko. Gu, harrituta, 18-19 urterekin. Lehenago, txikitan, ikusten genuen plazako aurrezki kutxara Velosolex motor batean nola etortzen zen. «Hori sabioa duk», esaten zuten lagunek. Handik aurrera, hartu-emana gehiago izan dugu: biografia egiterakoan grabazioak egin genituen, ETBrako dokumental bat egin genuen 100 urte zituela eta…
Haren zer oroitzapen gelditu zaizu?
Oroitzapenak, asko. Nahiz eta zaharra izan, oraindik ere euskaldunon erreferentzia dela, eta ez dugula beharbada ezagutzen, adibidez. Bi alderdi zeuzkan, apaiza eta zientzialaria. Ez dakit nola uztartzen zituen bi mundu horiek. Baina ez zen apaiz arrunta, parrokia batean ez zuen sekula lanik egin, Saran momentu batzuetan izan ezik. Bizibidea bere lanetik atera zuen: ikerketak, diru laguntzak… Bestetik, garai hartako aurrerapen guztien berri zekien: filmagintzan, argazki kamera, grabagailu eta gramofonoa zeuzkan. Fisikako irakaslea zen, eta gai askotaz zekien. Entziklopedikoa zen. Interneta 20-30 urte lehenago sartu izan balitz, buru-belarri sartuko zatekeen hor ere.
Euskararekiko zer pentsamendu edo postura zuen? Euskaltzale zen?
Bai. Gasteizko seminarioan errektoreorde ere bazen, eta eta irakaskuntza elebiduna behar zela esaten zuen. Ikasle gehienak euskaldunak ziren —elizbarruti hark Bizkai eta Gipuzkoa ere hartzen zituen—, gero apaiz bezala herri euskaldunetara joan behar zutelako. Eusko Ikaskuntzaren barruan, euskal unibertsitateari buruz ere jardun zuen. Bilera batean organigrama osoa aurkeztu zuen: zer erakutsi behar zen eta dena. Hegoaldean, gerra ondoren, Eusko Ikaskuntza debekatuta geratu zenean, Iparraldean sortu zuen, beste izen batekin.
Jose Migel Barandiaran Fundazioko kide zara. Zer funtzio du elkarteak?
Ni sartu berria naiz. Bera bizi zela sortu zen Fundazioa. Helburua bere figura eta lanak zabaltzea da, bere ildo nagusiari jarraitzea. Gauza asko zegoen publikatu gabe. Fundazioaren sostengua edo jabeak euskal erakundeak dira: Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta Nafarroako Gobernua. Berez fundazioa Eusko Ikaskuntzaren adar bat da, eta horregatik patronatoaren batzordean lau lagun hark jartzen ditu. Horietako bat ni naiz. Ikerketa beka ere badago, ikertzaileen lanak hedatzeko.
Aurten jaiotzaren 125 urte direla eta, zerbait egiteko asmorik bada?
Joan zen urteko bilera batean aipatu zen hori. Martxoan ea zer azaltzen den. Bere figura ahaztu ez dadin, behintzat, egiteko moduko gauzak nahi ditugu. Zaila da gaurko gazteei, unibertsitatean, hori saltzea. Baina nik uste dut ekarpen asko izan ditzakeela gaurko jendearentzat. Lana egiteko sistema, adibidez. Bestelako baloreak ere bazeuzkan: oso irekia zen, nahiz eta apaiza izan. Elizaren hierarkiarekin arazo handiak izan zituen. Errebeldia puntu bat zeukan, ezin zituen ikusi.
Zein zen Barandiaranen kezka?
Berari buruz esaten dute, konturatu zela «mundu hau bazihoak». Iparraldean zegoela, politikan sartu nahi izan zuten apaiz militanteek eta. Antolatzen artista zen, bixia. Baina ikusten zuen politikan sartzen baldin bazen berak egiteko zeuzkan lanak ez zeukala egiterik. Hegoaldean ikerketan ezer egin gabe zegoela ikusten zuen, eta lehentasuna beti horri eman zion. Hala ere, hemendik beste aldera joaten zen jendeari laguntzen zion. Nik uste dut jende gehiena bere etxetik pasatzen zela: etxera joan, otordua eman, biharamunean autobuserako dirua, eta Baionara bidali.