Errekarte inguruko proiektua aurkeztu dute herritarren aurrean
Hiru bileraz osatutako partehartze prozesuan beasaindarrek Errekarte baserriaren inguruarekin zer egingo luketenaren iritzi eta proposamenak jaso ostean, atzo iluntzean aurkeztu zuten azken proiektua herritarren aurrean. Bi proiektu proposatu zituen udalak prozesuaren hasieran, hirugarren bat ere proposatu zuten, eta hirugarren proiektuan herritarrek egin zituzten proposamenak kontuan hartuz laugarren proiektu bat sortu dute. Errekarteko proiektua aurreko legealdian hasi ziren diseinatzen eta, beraz, ez ziren zerotik abiatu; zenbait baldintza zeuden.
Aurrez eginda zegoen proiektuarekin alderatuz, aldaketa dezente daude azken proiektu honetan: Aurreko proiektuak Errekarte eta Telleri baserriak botatzea aurreikusten zuen, eta oraingoak biak mantenduko ditu. Errekarteren eraikinari, gainera, oraindik adosteko dagoen beste erabilera bat ematea ere jaso da proposamenen artean. Espazio publikoari dagokionean, eremuaren goikaldean berdegune berri bat proposatzen da azken proiektuan, berdeguneak mantentze aldera, herritarrek hala eskatuta. Errekaren bidea errespetatuko da orain. Oinezkoentzako bide bat egitea proposatzen zuten bizilagunek proiektu berrirako, eta hala egingo da proposamenaren arabera: orain dagoen errepidea bere horretan utziko dute, eta AHTaren obretarako erabili duten bidea oinezkoentzako egokituko da. Bide hau orain Loinazko San Martin baselizara joateko dagoen bidearekin batuko da, azken bide hau zabaltzen hasten den gunean, oinezkoak bertan joateko arazorik gabe.
Etxebizitzei dagokienean, aurrez zegoen proiektuak 183 etxebizitza aurreikusten zituen, horietatik 69 babestuak. Herritarrek etxebizitza gutxiago egitea eskatzen zutenez, azken proiektu honek 62 etxebizitza aurreikusten ditu, horietako 25 babestuak. Bi eraikin egingo dira horretarako, neurriz ere berdinak izango direnak.
Herritarrek atzoko bileran aurkeztutako proposamena onartu zuten. Orain, datorren astelehenean egingo duten Hirigintza Batzordera eramango dute proiektua, eta bertan onartzen bada, aurrera jarraituko du. Koldo Agirre alkateak azaldu zuenez, “ez da Bilduk egiten duen proposamena: jende askok partehartze prozesuan erabakitakoa da eta alderdi guztietako jendea egon da hemen”. Horregatik, “beste alderdiek hori onartzerakoan kontuan hartzea espero dut; jendeak zer nahi duen kontuan hartuko dutela espero dut”. Herritarrei Hirigintza batzordera joateko proposamena ere luzatu zien.