Legazpik 12.832.508 euroko udal aurrekontua izango du aurten
Guztira, izango du aurten Legazpiko udalak, iaz baino %31,32 gehiago Josune Zarandona Legazpiko Udalak 12.832.508 euroko aurrekontua izango du 2014an. Hala onartu du udalbatzak azkeneko osoko bilkuran, Bilduren aldeko botoekin. EAJ, PSE-EE eta Hamaikabatek (H1!) kontra bozkatu dute. Aurkezpenean «aurten aurrekontu ezberdinak» egin nahi izan dituztela esan du Kepa Urtzelai alkateak, «zenbakietan oinarritutakoetatik haratago». Aurkeztutako txostena udalaren web gunean zintzilikatuko dutela iragarri zuen, herritarrek zein alderdi politikoek nahi dituzten ekarpenak gehitu ahal izateko. Zentzu horretan «aurrekontu bizia» izango dela gaineratu du.
Zenbakiei begiratuta, Legazpik aurten onartu duen aurrekontua iaz baino %31,32 gehiago izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiari zor zitzaion 1.200.000 euroko zorra ere kitatu dutela esan du alkateak eta udalaren zorpetze maila %1,52koa dela. Datuei erreparatuta udalaren egoera «osasuntsua» dela ondorioztatu du.
Sarreren atalean foru funtsetik jasoko dutena izango da garrantzitsuena, «aurten 4.901.180 euro jasoko ditugu guztira, aurreikuspenen arabera». Sarrera guztiaren %38,20, hain zuzen. Zergei begira, tasek baino garrantzia gehiago dutela esan du alkateak «gehien daukanak gehiago ordainduz». Azken hiru urteetan zergetan «448.000 euro gehiago jaso dituzte, tasetan aldiz, 258.000 euro gehiago».
Gastuei begira, 2014an jarraituko dituzten lan ildo nagusien artean komunikazioaren alorrari garrantzia berezia emango diote, «guretzat estrategikoa delako». Horretarako, 30.000 euroko partida bat bideratuko dute. Udaletxe barneko antolaketaren diagnosi orokor bat ere egingo dute «zerbitzuen optimizazioa lortzeko». Lan esparruan Uggasarekin elkarlana mantenduko da, «gehienez sei hilabeteko 23 kontratazio» aurreikusten direlarik.
Aurrekontu «ezberdinak»
Gizarte zerbitzuen aldeko apustuarekin ere jarraituko dute, eta «aurrekontuaren %13,53» bideratuko da bertara. Larrialditarako laguntzak ere «%24 inguru» igoko dituzte. Kultur eta festa arloetako partidak igo egin dituzte. Gainera, «Lenburren gaur egungo egoera aztertu eta aurrera begira udalak zein jarrera» hartuko duen ere zehaztu nahi dute. Bide batez, herriko lur urbanoen azterketa egingo da «etxebizitza berriak egiteko aukerak aztertu eta eraikita dauden etxebizitzak birgaitzeko».
Aurten herrian egingo dituzten obrek ere pisu handia dute gastuen atalean. Bi dira egingo diren lan garrantzitsuenak alkatearen esanetan «Agirre-Etxeberri eraikinaren birgaitzea eta Laubide auzoko atzealdea egokitzea». Hala ere, ez dira udalak aurrera eramango dituen obra bakarrak izango. Udaletxean, adibidez «pipien arazoa konpondu eta berogailu sistema» berrituko dute. Domingo Agirren, Haurreskolan, Haztegin eta EPAren eraikuntzen «berrikuntza lanak» egingo dituzte eta auzoetan ere zenbait ekintza aurreikusten dira «asfaltatze lanak, haur parkeak, espaloiak… berritzea», besteak beste.
Oposizioko alderdiak kontra
Urtatzan eta Aztirin ere ur biltegi berri bana eraikiko dituzte. Kaleko argiteria berritzeko ere inbertsio garrantzitsua egingo dute eta lur publiko eta pribatuen eguneratzeak ere egingo dituzte «hauen digitalizazioa» eginez. Lan gehienak urteko bigarren seihilekoan gauzatuko dituzte, eta behar izanez gero «1.915.000 euroko mailegua eskatzea» aurreikusi du udalak.
EAJko Javier Iraetak bere alderdiak kontra bozkatuko zuela adierazi zuen, «beste behin ez direlako gure aurrekontuak, eta Legazpik dituen beharretatik urruti daudelako». Propaganda elektoraltzat hartu zituen Bilduk proposatutako aurrekontuak «planifikatu gabeko obrak» egingo dituztela salatu zuen, eta festetarako eta komunikazio arlorako bideratutako partidak «gehiegizkoak» direla esan zuen. 1.915.000 euroko zorpetzea ere «justifikatu gabe» dagoela ondorioztatu zuen.
PSE-EEk ere kontra bozkatu zuen. Oscar Valbuenaren iritziz, fondo foraletik 4,9 milioi jasotzeko aurreikuspena egitea «baikorregia» da eta komunikaziora bideratutako partida ere «gehiegizkoa» da. Amaitzeko, egingo diren obrekin ados daudela, baina «finantzatzeko moduak zalantzak» sortzen dizkietela esan du.
H1!-eko Arantxa Arizmendik ere bere kontrako bozka argudiatu zuen, besteen ildo beretik. Udala zorpetzeak «iraunkortasun ekonomikoaren oinarria» apurtzen duela esan du eta komunikaziora bideratuta dagoen partida «ez dagoela justifikatuta» uste du. Gainera, hirigintza proiektuetara bideratuta dauden 162.000 euroak «gehiegizko gastua» dira, besteren artean «ez dakigulako gauzatuko diren hala ez.