Bolak biraka segi nahi
Urtarrilaren 6an hasi zen bolatako denboraldia, Goierrin. Legazpin Errege eguneko tiraldia izan zen, eta 10 urteko mutiko batek lehen aldiz bota zuen. Erregeek ekarritako oparitxo bat izan zen bola jokoarentzat, aspaldian oso bakana baita gazteen —are haurren— presentzia. Tradiziozko herri kirol gehienak bezalaxe, herri edo bailara gutxi batzuek eusten diote bolateari. Goierri, tartean. Gipuzkoa mailako edo eskualdeko lehiaketetan erregularki parte hartu ohi duen bolari multzoa gutxitzen ari da, pixkanaka. Eta batez besteko adina, igotzen.
Urtarrilaren 6an hasi zen bolatako denboraldia, Goierrin. Legazpin Errege eguneko tiraldia izan zen, eta 10 urteko mutiko batek lehen aldiz bota zuen. Erregeek ekarritako oparitxo bat izan zen bola jokoarentzat, aspaldian oso bakana baita gazteen —are haurren— presentzia. Tradiziozko herri kirol gehienak bezalaxe, herri edo bailara gutxi batzuek eusten diote bolateari. Goierri, tartean.
Gipuzkoa mailako edo eskualdeko lehiaketetan erregularki parte hartu ohi duen bolari multzoa gutxitzen ari da, pixkanaka. Eta batez besteko adina, igotzen. 40-50 bolari inguru aritzen dira. Bukatu berri den taldekakoa izan ohi da jendetsuena, 76 partaiderekin. Baina salbuespena dira halakoak.
«Pixka bat jaitsi egin da bolatarako joera, herri batzuetan. Seguran, orain 50 urte, 30 bat bolari egongo ziren. Orain ere badago kopuru hori, baina ez dira ibiltzen», azaldu du Xepeino Agirre bolari segurarrak. Lehenago ere herrian bota bai, baina kanpoko lehiaketetara joaten zirenak gutxi zirela aitortu du Agirrek, «hiru edo lau».
Izan ere, gauza bat baita lagun artean eta festa giroan bolatan jardutea, eta beste bat lehiaketa ofizialetan lehiatzea. Nahiz eta egin beharrekoa berdina izan, pertzepzioa desberdina da. «Seguran lehenago uda partean egunero-egunero egiten zen bolatan, erreal biko eta errealeko jokoa. 11 bolatoki ziren herrian. Baina nik Gipuzkoa mailako tiraldietara joan nahi izaten nuen, eta ez zegoen modurik taldea egitekorik. Jendeak ez zuen nahi, herrian ibili arren. Azkenean, Zeraingo ekipora joan nintzen neroni», gogoratu du Agirrek.
“Seguran lehenago uda partean egunero egiten zen bolatan, erreal edo erreal biko jokoa”. Xepeiño Agirre (Segurako bolaria).
“Federazioaren helburua bola jokoa pixka bat mantentzea da, eta zerbait mugitzea”. Luis Aizpeolea (Bola Federazioko lehendakaria).
Markos Madina legazpiarrak ere «oso eskas» ikusten du bolaren egoera Legazpin. «Gazteek ez dute nahi, ez dira azaltzen. Bolatokia geldirik egoten da. Guk gazteak ekarri ditugu bolatokira, baina gero hoztu egin dira, segimena falta zaie. Legazpin afizio handia egon da, oso handia. Baina orain ia ez dago gazterik batere, eta etorkizunik ez dauka».
Laurogei urte eginda dago Madina, eta 53 urte darama lehiaketetan. «Txapelketetan lehenengo aldiz 1960an bota genuen guk. Jai eta aste ibiltzen ginen». Gaur egun, Beterriko tiraldietara ez joatea erabaki du, «erretiroa» hartu duelako. «Goierriko tiraldietan segiko dugu, zutik gabiltzan artean».
Zenbait herritan harrobia
Errege egunean Legazpin debuta egin zuen haurra gabiriarra da. Ez zen kasualitatea: bere gurasoek eta haren kuadrillako batzuek duela bi hilabete ekin zioten bolatan entrenatzeari, taldean. «Zer edo zer egiteko gogoagatik hasi gara, ibiltzeagatik. Lagunak ikusten nituen, baina ni oraintxe hasi naiz, duela bi hilabete», dio talde horretako Juan Ramon Aramendik.
Aramendik dio bere aitak ondo botatzen zuela bolatan, eta «pixka bat ikasteko» gogoz hasi da bera orain. «Lehenengo aldiz iazko Gabiriako festetan bota nuen nik». Astean hiru egunetan aritzen dira, negu aldean, eskua hartzen ikasteko. Ostiraletan, berriz, «izugarrizko kuadrilla» elkartzen dira Alkain-Buru bolatokian. 11-12 lagun. Hiru talde ateratzeko adina badaudela esaten dute. Taldekako txapelketan, adibidez, Gabirian soilik atera dira aurten bi talde. Neskato eta mutiko batzuk ere animatu dira, eta bola txikiekin airtzen dira. Seguran, adibidez, 15 urtetik gorako zortzi-bat laguneko harrobia dago. Larrietan, 12 federatu txartel badira, «baina bat han bizi, bestea hemen, zaila da gero elkartzea».
Gabiriako eta Segurako harrobiez gain, Zerainen ere gazte batzuk aritzen dira. Xepeino Agirrek berak Olaberrian ere gidatu izan ditu haurrentzat saio batzuk, udan. «Iazko udan pare bat aldiz etorri nintzen, baina egun batekoa motza da. Gurasoen bultzada ikaragarria da umeendako», dio Agirrek. Idiazabalen ere azken hamarkadan atera dira bolari gazteak.
“Legazpin afirzio oso handia izan da, baina orain ez dago gazterik. Bolatokia geldirik egoten da”. Markos Madina (Legazpiko bolaria).
“Lagunak ikusita hasi naiz. Aitak ondo botatzen zuen lehen, eta nik ere ikasi dut”. Juan Ramon Aramendi (Gabiriako bolari hasi berria).
Gazteekin lana egin beharko litzateke, segurarraren iritziz. «Herri mailan hasi beharko litzateke, alkatearekin edo kulturako jendearekin hitz eginda». Eta eskoletara «zabaldu beharra» dagoela ziur da. Bolatoki eramangarria egin izanak aukera ematen duela dio, baina «egurrezkoa eta motzagoa» (13 bat metro) beste bat egin beharra ikusten du, umeentzat.
Gurasoen laguntza, eta taldeko giroa. Hori ere garrantzitsutzat dituzte bolariek. «Nik uste dut hor taldea behar dela. Mutikoak eta neskak baloiaren atzetik denak korrika joaten dira. Baina bolatan, batek jokatu eta besteek itxaron egin behar. Jokoa ere desberdina da». Kuadrillako giroa pizteko, ordea, tresna aparta izan daiteke.
Helburua, mantentzea
Hezkuntzan, gazteriaren artean edo herrietan beste estrategiarik martxan jartzen ez den bitartean, bolatearen etorkizuneko erronka «mantentzea» da, Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioaren lehendakari Luis Aizpeolea zeraindarrak dioenez. Hala ere, «zerbait mugitzeko» ideiarekin ari dira lanean. Batetik gazteekin, «etorkizuna ziurtatzeko». Bestetik, bolatoki eramangarriaren esperientziarekin.
Guraso batzuk ere bola jokoa zabaltzeko lanean hasi direla dio Aizpeoleak. «Baina gazteek hainbeste aukera daukate kirola egiteko…».
Gipuzkoan bi eremutan mantentzen da bolatoki modalitateko bola jokoa: Urnieta-Hernani-Ereñotzu-Donostia sagardotegi eremuan, eta Goierrin. Hain zuzen, sagardotegiekin uztartzea izan liteke bolatearen biziraupenerako beste bide bat, antzinako bitasuna atzera sendotuz.
Bolatoki eramangarria eraiki du Bola Federazioak
Bolatan jokatzeko, gogoaz gain, ezinbestekoa da bolatokia. Goierrin herri eta auzo askotan desagertu dira. Aurrerantzean, aitzakiarik ez da izango, Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak bolatoki eramangarria egin duelako.
Xaflekin ixten da bi alboetatik, eta belardi artifizialdun zorua dauka, geruza sintetiko bigun baten gainean. Aise muntatu eta desmuntatu liteke, eta larriek bezala haurrek joka dezakete.
Herrietara ez ezik, ikastetxeetara edo jaialdietara ere eraman nahi du federazioak, bolatea ezagutarazi eta zaletasuna zabaltzeko. Donostian estreinatu zuten, abenduaren 27, 28 eta 29an.
«Arrakasta handia eduki zuen. Edozein herritara eramateko aukera ematen du, eta leku batzuetatik hasi zaizkigu eske. Horrekin jendea mugitzea espero dugu, bolatan hastea; batik bat umeak eta gazteak», azaldu du Luis Aizpeolea federazioko lehendakariak.