Olaberriko Udalak 2,4 milioi euroko aurrekontua dauka 2014rako
Olaberriko Udalak iazko aurrekontuaren antzekoa dauka, diru kopuruz, 2014rako. Guztira 2.420.500 euroko txostena onartu zuen Udalbatzak abenduaren 20ko ezohiko udalbatzarrean. Iaztik %4,8ko igoera da hori.
Inbertsio «handiak» egiteko modurik ez, eta neurri txikiagoko hainbat lan aurreikusi ditu udalak aurtengo. Inbertsioen atalerako 600.000 euro ditu. Funts horrekin, herriko bide berdeak berreskuratzen eta egokitzen jarraituko dute. 2013an Amoskategitik gorako bideari ekin zioten —aurki bukatuko dira lanak—, eta 2014rako Olaberriko kaskotik Lazkaora doan antzinako bide bat berreskuratuko dute, 72.000 euroko aurrekontuarekin.
Bestetik, komunikazioko zuntz optikoa herri guneraino luzatzeko obrak egingo ditu, 90.000 euroko inbertsioarekin. Lazkaoko eta Beasaingo mugetaraino sartuta daguka Euskaltelek, eta Castillo inguruan dagoeneko jarrita dauka Telefonicak. Horiek zabaldu nahi ditu.
Bestetik, herri guneko eskola zaharrean, lehenagoko bi etxebizitza egokitu eta areto bihurtuko dituzte, beste 100.000 eurorekin. «Seguru asko eskolarentzat izango dira lokal berriak, txikiegi geratu zaielako oraingoa tokiz. Hezkuntza Sailak dio dirurik ez daukala eskola hazteko, beraz udalak prestatuko ditu lokalak», dio Olaberriko alkate Jokin Garmendiak.
Ihurre Zaharra eraikina ere bukatuta dago. Haur eskola hara aldatu nahi du aurten udalak, eta beheko solairuan kokatu. Goiko oina erakusketetarako eta kultur nahiz gizarte arloko ekitaldietarako erabiltzen dute dagoeneko.
Baserri bideak asfaltatzea eta kale argiteria berritzen joatea dira aurtengo ipinitako beste zeregin batzuk.
Ihurreren jabetza, ekainerako
Iaz hasi zituzten Udalak eta Arcelor Mittal enpresak Ihurre auzunearen jabetza esku publikora igarotzeko negoziazioak, aspaldiko nahi bati erantzunez. Negoziaketa aurreratuta dago, eta alkateak aurreratu du «urtearen erdialderako» aldaketa egingo dela «ia komentzituta» dagoela. «Baldintza batzuk eskatu dizkiogu: auzoan hobekuntza batzuk egin ditzan eskatu diegu, edo hala ez bada, horiek ordaintzeko dirua jartzeko».
Udala, bere aldetik, diru sorta bat pilatzen ari da, Ihurre udalaren eskuetara igarotzen denerako. Batetik, iaztik gordetako 250.000 euro ditu. Bestetik, Ihurreko igerilekua etorkizunean egokitzeko —enpresaren jabetza pribatukoa da gaur egun— beste 50.000 euroko sail bat izendatu du aurtengo aurrekontuan.
Orokorrean, aurrekontuaren zati handiena ohiko funtzionamenduko gastuek hartuko dute: pertsonal gastuak eta zerbitzu nahiz ondasun arruntek. «Sarreretan ez dugu gutxitze handirik nabaritu. Gainera, zenbait arlotan gauzak hobeto begiratzen dira orain, eta sarrerak erregularizatuagoak dira», dio Garmendiak.
2013tik geratu den diru soberakina udalaren zorraren zati bat kitatzeko erabili dute. 300.000 euroko zorra kendu da, eta ordainkizun beste 55.000 euro geratzen dira, alkateak esan duenez.
Zergei eta tasei dagokienez, batere igoerarik gabe mantenduko dituzte gehientsuenak. Zabor bilketaren eta tratamenduaren tasak, adibidez, iazko kopuruetan jarraituko du, igoerarik gabe. Uraren tasa KPIri dagokion hainbesteko proportzioan igo dute.
Hiri antolamenduko arauak
Aurreko urteko ekitaldirako jarritako beste lan bat hiri antolamenduko arauak berritzea zen udalarentzat. Urtarrilaren 30eko ohiko udalbatzarrean hasierako izaeraz onartu zituzten hirigintzako plan orokorra eta ingurumen eraginaren txostena. Martxoaren 19ra arte helegiteak aurkezteko epea dago, eta ondoren udalbatzak behin-behineko onespena emango die arauei.