Aro baten amaiera
Iburreta jatetxeak pasa den mendeko 30. hamarkadan ireki zituen ateak Zumarragan, apaizen etxearen ondoan zegoen etxabean. Etxeberri auzoko Iburreta baserriko Bernardo Urkiolak eta Juana Bastarrikak hartu zuten jatetxearen martxa. Bikoteak bost alaba izan zituen eta Dominika Bastarrika iloba ere familiara batu zitzaien gurasoak galdu eta gero. Azken honen alaba, Ana Aranburu, izan da Iburreta jatetxean familiako azken kate-begia.
Iburreta jatetxeak pasa den mendeko 30. hamarkadan ireki zituen ateak Zumarragan, apaizen etxearen ondoan zegoen etxabean. Etxeberri auzoko Iburreta baserriko Bernardo Urkiolak eta Juana Bastarrikak hartu zuten jatetxearen martxa. Bikoteak bost alaba izan zituen eta Dominika Bastarrika iloba ere familiara batu zitzaien gurasoak galdu eta gero. Azken honen alaba, Ana Aranburu, izan da Iburreta jatetxean familiako azken kate-begia.
Atzera begiratuta jatetxeak «garai ezberdinak» bizi izan dituela dio Aranburuk. Gerra garaian «zegoenarekin» moldatu behar izaten zen eguneko menua osatzeko. Produktuak oso mugatuak ziren eta horiek lortzeko bideak eskasak. Garai hartan, Iburretak hainbat langile ere bazituen goiko solairuan apopilo, eta askotan «haien errazionamendu-liburuxketatik eskuratutako janaria batu eta prestatzen zen egun hartan jan beharrekoa».
Estualdiak estualdi, Iburreta ospakizunetarako leku ere izan da urte luzetan. 40, 50 eta 60. hamarkadetan makina bat ezkontza bazkari eman izan zituzten bertan, eta «ordu hartan ezkontza ospakizunak gaur egun baino txikiagoak» izaten zirela dio Aranburuk, Iburretak jangela txikia izan baitu beti, 40-60 bat lagunentzako nahikoa. Gero, ezkontza handiagoak modan jartzen hasi zirenean, bazkariak Casinoko jangelan egiten hasi ziren ezkonberri asko, «menua Iburretan bertan egiten zen. Gero, zerbitzatu aurretik Casino azpiko elkarte batean berotzen genuen», dio.
Urrezko urteak
Garai batean egiten zen sukaldaritza mota «ez dago gaur egun egiten denarekin alderatzerik» Aranbururen hitzetan. Baina horrek ez du esan nahi gaur garai batean baino hobeto jaten denik, «ezberdin» baizik. Horren adibide da 1963ko irailaren 4an Iburretan eskaini zuten ezkontza bankete bateko menua, Aranburuk mimoz gordeta duena.
Lehenengo plater hotzak eta beroak eskaini zituzten, hegazti salda, Kantauriko otarraina bi saltsekin, oilasko errea eta ilarrak frantses erara. Azkenbururako eztei tarta izozkiarekin, eta edateko Monopol ardo zuria, Viña Tondonia beltza eta Codorniu Extra kaba. Zumarragako jaietan, Santa Isabel egunerako, «janaldi oparoak» prestatzen zituztela ere gogoan du.
Baserriko oilasko errea zen garai hartako ezkontza ospakizunetan menuetako plater estimatuena, Aranbururen aitak Ordiziatik ekartzen zituenak. Lan asko izaten zenez, auzoko emakumeek laguntzen zieten «oilaskoak lumatzen». Oilaskoaren moda pasatakoan azpizunarena iritsi zen. Ospakizun handietarako azpizun nahikoa lortzea «zaila» zen eta kanpoko harategietan ere erosi behar izaten zuten.
60. hamarkadatik aurrera «Orbegozoko eta Aparizioko –gerora Irimo– langileak» ere izaten zituzten egunero jatetxean. «Ondoren, lantegietan bertan jantokiak ireki zituzten eta langileak jasotzeari utzi genion». Ezkontza banketeak ere poliki-poliki gutxitzen joan ziren gure jangela «txiki» gelditu zitzaielako. Atzera begiratuta, ordea, Aranbururen ustez, 60. eta 70. hamarkaden artean bizi izan zituen Iburretak bere urterik oparoenak.
Hala ere, Iburretan ez diote inoiz lan egiteari utzi, eta garaian garaiko eskaeretara egokituz joan da negozioa. Tabernan «beti ondo» lan egin dute, eta jatetxean «jendeak eskatu duenera moldatuz» joan dira. Iburretako barran eskaini izan dituzten pintxoak sona handikoak izan dira, baina pintxoena «ohitura berria» dela esan du Aranburuk. «Poliki-poliki, ia konturatu gabe hasi ginen pintxoak eskaintzen».
Belaunaldi berria
Iburretak ateak itxi berri ditu, eta aro bati amaiera eman dio. Baina bere lau pareten artean geldituko dira betiko jatetxe ezagun honen historia harilkatu duten pertsonen bizipenak eta gertakarien segidak. Bernardo Urkiolak eta Juana Bastarrikak hasitako bideari Dominika Bastarrika ilobak eman zion jarraipena, haien alabak kanpora ezkondu zirenean.
Dominikak, izeba-osabekin, familia giroan, jaso zuen sukaldaritzan aritzeko beharrezko oinarria, baina «amak beti izan zuen bere kasa gehiago ikasteko interesa». Bilboko Sukaldaritza Akademian, adibidez, ikastaro bat egin zuen; «garai hartan ez zen oso ohikoa», zehaztu du alabak.
Errezeta liburuak irakurri zalea ere bazen, «Adriana Juaristiren liburuak, adibidez». Baina bere liburu kuttuna Bilboko Akademiako zuzendaria izan zen Florentina Intxausti de Pedrellezok 1944an argitaratu zuen errezeta liburua zen, egun oraindik Iburreta jatetxean gordeta dagoena. Liburu hura, amarentzat izan ezik, herriko beste hainbat emakume gazterentzat ere lagungarria izan zen oso. Izan ere, urte haietan oso ohikoa zen «ezkontzera zihoazen neska gazteek sukaldaritza eskolak jasotzea». Besteak beste, Iburretan ere eskaini izan zituen Dominikak sukaldaritza eskolak.
Garai berriak ezagutu
Dominika Ordiziako Carlos Aranbururekin ezkondu zen 1943. urtean. «Aita CAFetik Irimora etorri zen lanera, eta Iburretan apopilo egon zen». Hala ezagutu zuten elkar Aranbururen gurasoek. Ordurako izeba Juana erretiroa hartuta zegoen, eta ezkonberriak egin ziren jatetxearen kargu. Lau alaba izan zituen bikoteak: Juana Mari, Maria Dolores Lolo, Isabel eta Ana.
Familia guztiak gogor lan egin zuen jatetxea aurrera ateratzeko, «bakoitzak bere eginbeharrak zituen, ama eta Lolo sukaldean, Juana Mari eta Isabel jantokian eta niri denetarik egitea tokatzen zitzaidan», dio Aranburuk. Carlosek, aldiz, lantegiko lana jatetxekoarekin uztartu zuen urte askotan.
Aranburu konturatu gabe hasi zen sukaldean. Haurra zenetik giro horretan hazi zen eta, halabeharrez, sukaldeko mundua «beti gustatu» izan zaio. Amaren antzera, etxean jaso zuen oinarrizkoena, baina kanpoan ere ikasten ibilitakoa da. Uda oso bat eman zuen Arzaken jatetxean lanean orain 40 bat urte, «oraindik horren ezaguna ez zenean». Ordukoak dira euskal sukaldaritzaren mugimendua, baita lehenengo sukaldaritza ikastaroak ere. «Subijana, Adrià eta gerora oso ezagun egin diren hainbat sukaldariren ikastaroetan» ikasle izan zen Aranburu.
Gero arte, Iburreta
Ama gaixotu eta lan egiteari utzi zion 70. hamarkadaren amaieran. Maria Isabel egin zen orduan negozioaren kargu. Hiru ahizpa gazteenak aritzen ziren orduan jatetxean lanean, zaharrena kanpora ezkonduta baitzegoen ordurako. 1996an, negozioarekin aurrera egiteko lokala berritu beharra izan zuten, eta ordutik Aranburu izan da Iburretaren arduraduna, familiako azken kate-begia.
Iburreta iragana da dagoeneko. Bai momentuz, behintzat. Negozioa isteko erabakia ez dela erraza izan aitortu du Aranburuk: «Gure bezeroak eduki daitezkeen onenak izan dira, eta azkenean beraiengatik kosta zait, batez ere, erabakia hartzea», dio. Baina, bestalde «jatetxeko lana oso gogorra» dela uste du. Beraien kasuan «zorte handia» izan dutela dio, negozioak familia osoaren babesa izan duelako beti.
Zumarragako azken 80 urteetako historiaren lekuko isila izan da Iburreta, makina bat uneren gordeleku. Momentuz ateak itxi ditu, baina Aranburuk bezala, norbaitek berriz irekiko duen esperantzari helduko diote askok.