Bi goierritar Osinalden
Larunbat honetan Osinalde sariketako finala jokatuko dute Gabirian. Aurten bi goierritarrek parte hartuko dute: Aitor Irastortza zaldibiarrak eta Mikel Iturriotz urretxuarrak. Iturriotzek eta Irastortzak iazko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan ezagutu zuten elkar. Biek finala jokatu zuten eta urretxuarrak jantzi zuen txapela. Ordutik hainbat saiotan elkartu dira: Zarauzko Lizardi txapelketan, adibidez. Hori dela eta ez zuten galdera askoren beharrik izan luze eta zabal hitz egiteko.
Gainera, gauza asko dituzte komunean: adina, bertso zaletasuna eta kirol zaletasuna, adibidez. Urretxuarrak futbolean jokatzen du, Urola taldean, eta Irastortza pilotan aritu da unibertsitate-ikasketak hasi dituen arte.
Bertsolaritzari dagokionez, zaldibiarrak urretxuarra «erregularra» dela uste du. «Hori da duen gauzarik onena. Aztiriko saioa entzuten egon nintzen eta, nire ustez, bere erregulartasunari esker lortu zuen finalean sartzea. Besteak bertso hobeak egiteko gai izan ziren, baina akats handiagoak egin zituzten», azaldu du Irastortzak.
Finalean arerio gogorra izango dela uste du. «Aztirin oso lan txukuna egin zuen eta finalean aurkari gogorra izango da, inongo zalantzarik gabe».
Dena den, faborito nagusia Josu Oiartzabal azpeitiarra dela uste du. «Adinagatik, esperientziagatik eta aurreko bi finaletan parte hartu duelako. Aitor Salegi ere ondo arituko da. Ikuspuntu bereziak aurkitzeko gaitasuna du».
Ez du bere burua faboritotzat hartzen. «Nahiago dut ezkutuan joan. Azkeneko saiotik bi aste bakarrik pasatu dira eta ez dago ezer berezirik egiteko aukerarik. Dakidana egiten saiatuko naiz. Erokeriak gaizki atera daitezke. Bakarkako saiorako hiru doinu ditut buruan, gaiaren araberakoak». Azken entrenamendua bihar bertan egingo du, Santutxun.
Iturriotzek Irastortza ere bertsolari erregularra dela uste du. «Ez nintzen Ordiziako saioa ikustera joan, baina Goierri Telebistan askotan bota dute. Aitorrek erraz egiten du bertsotan. Bera ere gutxitan erortzen da».
Urretxuarrak ez du faboritorik ikusten. «Egia da Oiartzabalek guk baino esperientzia handiagoa duela, baina finalak denontzat dira zailak».
Bere burua «ondo» ikusten du. «Aztiriko saioan, hasieran ez nintzen oso kontzentratuta egon. Baina gustura bukatu nuen». Urretxuarrak Gasteizen ikasten du eta han ikasten duten beste bertsolari batzuekin elkartzen da. Eta etxetik ateratzeko gogorik ez duenean ere badu bertsotan egiteko aukera. Izan ere, Beñat Torres bertsolari urretxuarra pisu-kidea du. «Pare bat aldiz egin dugu bertsotan, bazkalostean», dio urretxuarrak.
Biek ala biek, Osinalde saria irabaztea gauza handia litzatekeela uste dute. «Baina ezin zara hori buruan duzula joan. Finalera heltze hutsak motibatzeko balio du. Txapelketa politenetakoa da», dio Iturriotzek.
Txapelketa garrantzitsuena
Zaldibiarra iritzi berekoa da: «Nire ustez, gazteentzako txapelketa garrantzitsuena da. Xarma berezia du, finalean mikrofono gabe abesten da, ikus-entzule asko elkartzen dira… Irabaztea polita izango litzateke, baina bere alde txarra ere edukiko luke: datorren urtean ez nuke parte hartzeko aukerarik izango. Izan ere, oso plaza gustagarria da», aipatu du Irastortzak.