Beasaindik bi kooperante joango dira Hego Amerikara laguntza ematera
Beasaingo Udalak gazte kooperanteentzako bekak ateratzen ditu eta aurtengo udan bi gazte joango dira lankidetzan aritzera: Naia Duarte eta Haizea Tapia. Aurtengo beka 11.500 eurokoa da eta bi lagun hauek bakarrik aurkeztu dira. Duarte hirugarren aldiz Hondurasa joango da Zarauzko AOCES gobernuz kanpoko erakundearekin Honduraseko ekonomia zailtasuna duten haurrekin egotera eta hauei integratzen laguntzera. Tapia, berriz, Boliviara joango da eskola batean idazte, irakurtzen eta abar irakasten laguntzera eta baita Mocoví kartzela barruan dauden helduei eta haurrei ere irakurtzen, idazten, matematikak eta abar irakastera, eta era berean kartzelan dauden haurrak kanpokoekin sozializatzen laguntzera ere bai.
“Ez goaz mundua salbatzera, baina egiten dugun apurra han asko izaten da” zioen Duartek. Idoia Baztarrika udal zinegotziak horrelako kooperanteen garrantzia azpimarratu zuen atzoko aurkezpenean, eta gainerako herritarrak ere animatu nahi izan zituen datozen urteetan udalak eskaintzen duen beka hau aprobetxatzera.
Duarte gaur abiatuko da eta irailaren 4ra arte egongo da Hondurasen. Tapia, berriz, uztailaren 15etik abuztuaren 17ra joango da Boliviara.