Herritarrengana jo du EAJk, 2015eko udal hauteskunde programa egiteko
Datozen udaberriko hauteskundeei begira, udal programa prestatzeko herritarrengana jo du Ordiziako EAJk. Hain justu ere, Ordizia Elkarrekin foroan herriko taldeetako eta elkarteetako kideak bildu nahi dituzte. Helburua, etorkizunerako nahi duten herria guztien artean modu librean eta parte hartuz erabakitzea da. Ostegunean egin zuten publiko egitasmoa. Jose Migel Santamaria alkategaiak azaldu zuenez «alderdi politiko jakin baten sigletatik harago» joan nahi dute. Hala, «hainbat lantalde» osatzen ari direla aurreratu zuten.
«Topaketak eta elkarrizketak izateko gizarte eragileekin, ekintzaileekin, dendariekin eta herritarrekin» elkartuko dira, zehazki zein elkarte eta talde izango diren oraindik argitu ez bazuten ere.
Lantaldeez gain, elkarteekin bestelako «hainbat bilera» egingo dituztela ere iragarri zuten, «gizarte taldeekin eta ordiziarrekin, Ordizia hobetzeko dituzten ideiak eta proposamenak ezagutzeko eta jasotzeko».
Foroarena, «herritarrekin batera lan egiteko eta harremanetarako, haiei entzuteko eta haiekin herriari buruzko proposamenak eta ideiak konpartitzeko eta eztabaidatzeko eredu berri bat» dela azaldu zuen Santamariak. Jasotzen dituzten iritziekin eta proposamenekin 2015eko udal hauteskundeetarako aurkeztuko duten programa osatuko dute. Hala, proposamen horiekin programaren «ildo nagusiak» zehaztuko dituzte urtebete honetan.
EAJren lehentasuna «pertsonak» direla nabarmendu zuten agerraldi berean, eta «gauzak garai berriak eta udalen errealitate berria kontuan hartuz» egiteko asmoa agertu. «Izan ere, gauzak beti egin izan diren moduan egiten segitzen bada, ezin izango ditugu emaitza desberdinak lortu», zioen zinegotziak.