Igerilekuen denboraldia hasi da eskualdeko herri gehienetan
Eguraldi bikainarekin ez bada ere, dagoeneko estreinatu dute askok herriko igerilekua. Beasainen, esaterako, dozenaerdi haur ausart uretara sartu ziren atzo eguerdi partean, igerilekua estreinatzeko asmoz. Izan ere, zain-zain zeuden asko. Azken asteetako egun beroetan jendeak igerilekuak faltan eman ditu, eta azkenean iritsi da igerilekuak irekitzeko garaia, zerua lainoz estalita egon arren, «ederra dago ura» esanez.
Mota askotako igerilekuak daude Goierrin: handiagoak, txikiagoak, txirrista dutenak, zelai handiak dituztenak, itzalgune txikiagoak edo handiagoak dituztenak, taberna dutenak, jaten ematen dutenak… Baina, guztiek dute beroari aurre eginez, freskatu bat emateko aukera ematen duten putzu txukun bat.
Beasainen berrikuntzak
Beasaingo igerilekuko belardian hobekuntzak egin dituzte. Dirudienez, orain arteko lurraren konposaketa ez zen egokia eta, ondorioz, bertan urak ez zuen ongi filtratzen. Gaia aztertu ondoren, drainatze sistema bat ipini dute, lurra landu dute eta hazia ere bota dute. Egindako hobekuntza horiekin aurtengo udan erabiltzaileek belardi politaz gozatzea espero dute.
Horrez gain, aurten ere liburutegi zerbitzua eskainiko dute kanpoko igerileku honetan, aurten etxetxo berriarekin, gainera. Arduradunak izango ditu etxetxo honek eta nahi duenak liburuak eta bideoak maileguan hartzeko aukera izango du eta aldizkariak eta egunkariak ere irakurri ahal izango ditu nahi duenak.
Segurako igerilekuak izango dira irekitzen azkenak, festak amaitu arte itxarongo baitute. Baina, jada irekita ez dauden gainerako igerilekuak, datorren asteburuan irekiko dituzte –ikusi beheko taula–.
Atzokoa baino giro beroagoa eta eguzkitsuagoa espero da datozen egunetarako, eta nahi duenak, beraz, badu igeri egiten edo eguzkia hartzen egoteko aukera.