Innobasquek Aurrera Atera eskualdeko elkartearen egitasmo bat hautatu du
Innobasquek Goierri garaiko Aurrera Atera irabazi-asmorik gabeko elkartearen Tanttaka Lagunduz egitasmoa Crowdsasuna crowfunding proiekturako hautatu du. Jendearen diru-laguntzarekin, konpainia behar duten adinekoei, Zumarragako Ibaiondo zentroko gazteei eta txakurtegietako txakurrei lagunduko diete. Aurrera Atera animaliekin terapia egiten duten profesionalek sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da.
Innobasquek Goierri garaiko Aurrera Atera irabazi-asmorik gabeko elkartearen Tanttaka Lagunduz egitasmoa Crowdsasuna crowfunding proiekturako hautatu du. Jendearen diru-laguntzarekin, konpainia behar duten adinekoei, Zumarragako Ibaiondo zentroko gazteei eta txakurtegietako txakurrei lagunduko diete.
Aurrera Atera animaliekin terapia egiten duten profesionalek sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Laguntza behar duen ororekin lan egiten dute: hirugarren adineko jendearekin, minusbaliotasun intelektuala duten pertsonekin…
Elkarteko kideek Innobasqueren Crowdsasuna crowfunding kanpainaren berri izan zuten eta aurkeztea erabaki zuten. Bost proiektu aukeratu dituzte eta horietako bat eurena da.
Tanttaka Lagunduz egitasmoaren helburu nagusia adineko jendeari konpainia egitea da, txakurren laguntzarekin.
Txakur hauek txakurtegietatik aterako dituzte. Ibaiondoko gazteak izango dira animaliak heziko dituztenak, Aurrera Atera elkarteko kideen laguntzarekin. Txakurrak hezi ondoren, adinekoei konpainia egingo diete. Azken helburua, adinekoek txakur hauek adoptatzea da.
Crowdsasuna egitasmora 19 proiektu aurkeztu ziren eta bost aukeratu zituzten»
Maria Rodriguez (Aurrera Atera elkarteko kidea)«Egitasmoa berritzailea da: Alemanian bakarrik egin dute antzeko zerbait»
Johnny Delgado (Aurrera Atera elkarteko kidea)
Egitasmo hau aurrera ateratzeko, jendearen diru-laguntza behar dute eta Crowdsasuna crowfunding kanpaina horretarako aukera aparta dela aurreratu dute. Lagundu nahi dutenek, goteo.org/tanttaka-lagunduz web orriaren bitartez egin dezakete.
Aurrera Atera elkartekoek 5.150 euro behar dituzte eta oraingoz 2.440 jaso dituzte. Behar duten dirua 12 egunetan ez badute lortzen, jasotako guztia emaileei itzuliko diete. Helburua lortzen badute, berriz, Obra Social La Caixak jendeak jarritakoa haina ipiniko du. Diru kopurua bikoiztu egingo da, beraz.
Maria Rodriguez eta Johnny Delgado Aurrera Aterako kideek prentsaurrekoa eman dute eskualdeko bizilagunei laguntza eskatzeko. Rodriguezek esan duenez, «Crowdsasuna egitasmora 19 proiektu aurkeztu ziren eta bost bakarrik aukeratu zituzten».
Zazpi gazte, prest
Innobasqueren babesa dute eta herritarrena ere merezi dutela uste dute elkarteko kideek: «Adinekoei, Ibaiondoko gazteei eta txakurrei lagundu nahi diegu. Merezi dutela uste dugu. Txakurrek eta gazteek bizitza gogorra eduki dute eta laguntza behar dute. Elkar ezagutzea eta adinekoei laguntzea ondo etorriko zaie. Zazpi gazte parte hartzeko prest agertu dira eta txakurtegitik hamar txakur ateratzeko asmoa dugu». Gainera, egitasmoa berritzailea dela gogoratu dute: «Orain arte Alemanian bakarrik egin dute antzeko zerbait. Beste inon ez», azaldu zuen Delgadok.
Aurrera Atera irabazi-asmorik gabeko elkartea da, baina gastuak ordaintzeko dirua behar dute: txakurrak garbitzeko, txertoak jartzeko, garraioa ordaintzeko…
Hala, eskualdeko bizilagunek, dirua emateaz gain, boluntario lana egin dezakete: «Edonor izan daiteke boluntario, baita bere txakurrarekin ere. Familia giroa bultzatu nahi dugu», amaitu dute Rodriguezek eta Delgadok.
The post Innobasquek Aurrera Atera eskualdeko elkartearen egitasmo bat hautatu du appeared first on Otamotz.