Uda txikienen neurrira
Ohartzerako etxeko gazteenen udako oporrak ate joka dira. Ikasturtea amaituta, ikasgelak atzean utzi eta kanpoan, aire librean, gozatzea da udako plana. Askotan, baina, ez da erraza helduen lan egutegia eta haurrena bateratzea. Lagunartean dibertsiorako aukera izan dezaten, ekainaren amaieratik uztailera, udalekuetarako dozenaka aukera izaten dira. Goierrin ere, herriz herriz, udalek, kirol elkarteek, kiroldegiek nahiz beste hainbat taldek eskaintza zabala egin dute.
Bi edo hiru urteko haurretatik hasi eta 12 nahiz 17 urteko gaztetxoetaraino, neurri neurrira prestatutako ekintzak izango dira udan. Kirolarekin, musikarekin edo teknologia berriekin zerikusia dutenak dira batzuk. Badira aire libreko ekintzak eta aisialdia hizkuntzak ikastearekin uztartzen dutenak. Edonola ere, gaztetxoenek ondo pasatzea eta harremanak sendotzea izaten dute helburu nagusia.
Jolasak, tailerrak nahiz irteerak, aisialdirako eskaintza dago herri gehienetan udaleku irekien bidez. Adinen arabera antolatutako taldeetan, taldeko jolasak, eskulan tailerrak, kirolak nahiz irteerak egingo dituzte.
Teknologia berriak
Gai edo arlo zehatzetan oinarritutako udalekuak eskaintzen dituzte hainbat lekutan. Goierri Eskolan eta Urola Garaiko Lanbide Eskolan teknologia berriei tartea egingo diete. Bideo jokoak sortzen, smartphonetarako edo tabletetarako aplikazioak garatzen zein robotak eraikitzen ikasiko dute. Gazteengan zientzia, teknologia, ingeniaritza zein matematika suspertzea dute helburu.
Musika jolasaren bidez
Era dibertigarrian eta jolasen bidez musikaren munduan sakontzeko udalekuak ere badira. Hala, Zumarragako Legazpi dorretxean lau eta hamabi urte bitartekoentzat udaleku musikalak antolatu dituzte. Baita Beasaingo Musika Eskolan ere. Musika klasi- koaren eta modernoaren bidez ikaslearen sentsibilitate artistikoa garatzea da helburua, haurrek musika eta artearenganako jakinmina garatu dezaten.
Kirola eta hizkuntzak
Kirol elkarteak ere badira udako eskaintza egiten dutenak. Tartean, Urola Kirol Elkarteak futbol kanpusa antolatu du. Argixao futbol zelaian bertan futbola oinarri hartuta, beste hainbat ekintza egingo dituzte.
Ordizia Errugbi Elkarteak ere errugbiaren inguruko udaleku irekiak antolatu ditu; 2010ean hasi ziren. Majori kiroldegiko instalazioetan garatuko dira eta errugbia ardatz izango duten arren, beste hainbat jolas eta kiroletarako aukera izango dute. Era berean, euskara eta ingelesa uztartuko dituzte udalekuetan. Horretarako, Ampo Ordizia taldeko ingeles natiboak diren jokalarien eta ingeles maila egokia duten bertakoen laguntza izango dute saioak gidatzeko. Adinaren arabera osatuko dituzte taldeak.
Ingelesean sakontzeko aukera eskaintzen dute, bestalde, eskualdeko hainbat ikastetxetan egin duten eskaintzetan ere.
Artea eta sorkuntza
Hainbat astez, iratxoen etxe bihurtuko dute Beasaingo Ttiklik! Elkargunea. Iratxoen gaia oinarri hartuta, asteko egun bakoitzean saio ezberdinak egingo dituzte. Iratxo trebeek eskulanak ikasiko dituzte, iratxo sortzaileek jolasean, iratxo laguntzaileek auzolanean eta iratxo osasuntsuek sukaldaritzan. Naturaz gertuagotik gozatzeko irteerak ere egingo dituzte.
Ezkio Itsason, ohiko udaleku irekiez gain, zeramikagintza oinarri hartuta ikastaroak egingo dituzte. Itsason dagoen Pott tailerrean ikasiko dute haurrek eta gazteek zeramikagintza Yartu kultur elkartekoen eskutik. Gaur bertan izango da izena emateko azken eguna; oraingoz 12 lagun apuntatu dira.
Beasainen daogen Andramendi Ikastolan ere artea eta sorkuntzarako tartea hartuko dute. English&Art udalekuak prestatu dituzte horretarako. Parte hartzen duten gaztetxoei artearen munduko oinarrizko teknikak aurkeztuko zaizkie; eta horretarako, jarduera sortzaileak egingo dituzte. Baina saioak ingelesez izango dira, bitartean atzerriko hizkuntzan ere sakontzeko. Ikastolatik aurreratu dutenez, Maider Urretabizkaia Lazkaoko margolaria arduratuko da pintura tailerren gidatze lanetaz.
Ekintza dibertigarriekin eta aire librean udaz goza dezaten aukera zabala dute Goierriko gaztetxoek; ondo pasatuz eta lagunak eginez, ikasteari utzi gabe.