«Goierriko Jazzaldiaren helburua da musika mota hori zabaltzea»
http://youtu.be/0jFaXQHeZO8
Goierriko bigarren jazz jaialdia antolatu dute Araman eta Ordizian datorren astebururako, uztailaren 4 eta 5erako. Eskualdean jazza entzuteko plaza bat eskaintzea da jaialdiaren helburua, musika estilo horri Goierrin indarra emateko. Sei kontzertu antolatu ditu Joseba Basarte, Nohan Alberdi, Jon Txurruka eta Urtzi Etxeberria laukoteak. Etxeberriak eman ditu azalpen gehiago.
Goierriko bigarren jazz jaialdia antolatu dute Araman eta Ordizian datorren astebururako, uztailaren 4 eta 5erako. Eskualdean jazza entzuteko plaza bat eskaintzea da jaialdiaren helburua, musika estilo horri Goierrin indarra emateko. Sei kontzertu antolatu ditu Joseba Basarte, Nohan Alberdi, Jon Txurruka eta Urtzi Etxeberria laukoteak. Etxeberriak eman ditu azalpen gehiago.
Non du sorrera Goierriko Jazzaldiak?
Lagunartean sortutako ideia bat da. Jazza gustuko dugun laukote bat elkartu ginen, eta Goierrin zerbait antola genezakeela pentsatu genuen. Laukoteko kide bat Araman bizi da, eta, ideia ere bertan sortu zenez, bertan egitea pentsatu genuen.
Zein helbururekin hasi zineten iaz jaialdia antolatzen?
Guri jazza gustatzen zaigu, eta badakigu eskualdean badela musika estilo hori gustuko duen jendea. Guretzako jaialdi bat egin nahi genuen, hemen inguruan jazz kontzertuak zuzenean ikusteko, Goierrin jada antolatzen direlako beste musika estilo batzuetako jaialdiak. Baina, batez ere, jazz musika zabaltzeko asmoz pentsatu genuen jaialdia antolatzea; gainera, inguru honetan ere badaude jazza egiten duten musikariak, eta haien lana ezagutzera eman genezakeela ere pentsatu genuen.
Bi helburu dituzue, beraz.
Bai, hala da; jazz musikak ez du izaten beste musika estilo batzuek adina leku, eta musikariak plaza bila aritzen dira. Gu, berriz, musika estilo hori zuzenean entzuteko lekuen bila. Bi nahiak elkartu eta jazzari Goierrin leku bat egitea izan da asmoa.
Zein berezitasun du Aramak jaialdia bertan egitea erabakitzeko?
Herri txikia da, baina musika eta, batez ere, jazza zuzenean entzuteko parke zoragarri bat du. Oso leku aproposa da, eta eguraldi onarekin primerako lekua da, lasai zelaian eseri eta kontzertuez gozatzeko.
Ordizia izango da jaialdiko bigarren agertokia. Zergatik antolatu duzue jaialdia bi herritan?
Jaialdia ahalik eta gehien zabaldu nahi genuen, ondo irtenez gero etorkizun batean inguruko beste herri batzuetan ere ideia garatzen joateko: Beasainen, Lazkaon… Azken finean, jaialdia eskualdera zabaltzea da nahia, jazz afariak, ikastaro didaktikoak eta beste antolatzea delako asmoa.
Nola egin duzue taldeen aukeraketa?
Helburua ahalik eta jende gehienarengana iristea da, helduengana, gazteengana… eta, horretarako, mota ezberdinetako emanaldiak antolatu ditugu. Hori buruan izan dugu beti, eta horren arabera aukeratu ditugu bi urteetan kontzertuak: umeentzako kontzertu didaktikoak, publiko guztiarentzako saioak, eta gauerako jazz kontzertua, baina jazz ireki bat, festa giroa sortuko duena. Hori izan zen iazko antolaketa, eta aurten ere antzeko bideari jarraitu diogu.
Estilo ezberdinetako taldeak entzun ahalko dira, beraz?
Ostiraleko bi kontzertuak Ordizian izango dira, eta lehen saioa herriko musika eskolako ikasleek osatzen duten Combo Jazz taldearena izango da. Jazz estandarra entzun ahalko da [19:30ean, Plaza Nagusian]. Horren jarraian, berriz, aurtengo jaialdiko momentu gorenetako bat iritsiko da: Javier Lopez Jaso&Marcelo Escrich Quartet taldearen kontzertua [23:00etan, D’elikatuz-en]. Estatu mailan erreferentzia bat da musikari nafarra, eta bi taldeak konparatzerik ez badago ere, hor ikusten da jazz mota ezberdinak entzun ahalko direla jaialdian.
Aramako saioak larunbaterako utzi dituzue.
Aramako parkea egunez gotzatzeko da, eta, horregatik, larunbateko lehen hiru saioak bertan egingo ditugu: Victor de Diego Trio eta Miguel Salbador arituko dira aurrena, 18:30ean hasita, eta, ondoren, herriko plazan Busbu disko jartzaile ordiziarra ariko da. Nahi duenak bertan afaldu ahalko du, eta barra ere egongo da.
Aramatik, Ordiziara buelta.
Libert Fortuny saxo jotzaile kataluniarrak itxiko du aurtengo jaialdia, Ordiziako Barrena parkean [23:00]. Munduan zehar aritu da bere musika eskaintzen, eta seguru gaude Ordizian ere sekulako kontzertua egingo duela.
Herri batetik bestera joateko autobusak jarriko dituzue, doan.
Larunbatean egongo da autobus zerbitzua, Ordiziako Garagartza plazatik —17:15ean irtengo da, autobusa bete ahala—, eta, ondoren, nahi duena berriz Ordiziara autobusez itzul daiteke. Kontzertuak ere doan izango dira.
Ikusleen aldetik, zein erantzun espero duzue?
Iazko erantzuna zein izan zen ikusita antolatu dugu aurten ere jaialdia, kartel interesgarriago batekin. Beraz, nik uste jendeak gustura hartuko duela.
Sarean ere badu lekua jaialdiak.
Jaialdian dagoena zabaldu nahi dugu, jendeak zein aukera duen jakin dezan, eta horregatik sortu dugu www.aramajazz.com webgunea. Facebooken ere bagaude [GoierrikoJazzaldia].
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.