Herritarrei eskerrak emateko egitasmoa abiatu du Gipuzkoako Aldundiak Ordizian
Gipuzkoan, azken sei urteetan, organikorik ez jasotzetik urtero 14.000 tona bereizita jasotzera pasa gara. Epe berean, 276.035 tonatik 190.383 tona errefusa biltzera pasa gara. Datu horiek esku artean izanda, Gipuzkoako Aldundiak herritarrei eskerrak emateko egitasmoa jarri du martxan; Ordizian egin du gaur lehen geldialdia.
Bizi ohiturak aldatzearren eta “eguneroko keinu txiki batez” gizarteari onura ekartzearren, herritarrei esker oneko keinua egin nahi izan die Aldundiak. Plaza Nagusian prestatu duten gunean, herritarren artean eskuorriaz gain loreak eta loreetarako haziak banatzen aritu dira.
Bertan izan dira Igor Eguren Ordiziako alkatea eta Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakaria ere. Egurenek gogorarazi duenez, helburua “2016 urterako herrialde aurreratuenen mailan egotea da”. Zentzu horretan, egitasmoari hasiera Goierrin ematearen arrazoia da Sasieta Mankomunitatea 2016rako finkatua dagoen %60ko muga gainditzear dagoela.
Azeari Andonegik “hau dena posible izateko” herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela azaldu du. “Gure Mankomunitatean aldaketa asko izan dira; beldurrak galduta, mamuak alde batera utziz, ikaragarrizko emaitzak lor daitezke”, esan du. Goierrin, herriz herri jarri diren bilketa sistemak azaldu ditu Andonegik. “Azkenean bakoitzak bere formula erabiltzen du, baina beti dagoen Europako hierarkia horren pean”, esan du. Hondakinen kudeaketa egokiak hiru oinarri nagusi dituela gogorarazi dute: ahalik eta hondakin gutxien sortzea, esku artean ditugun ondasun materialen berrerabilera eta, azkenik, hauen birziklapena. Hierarkia horri jarraiki, bi gako nagusi daude, prebenitu edo berrabil ezin diren hondakinentzat: errefusa kopurua ahalik eta gehien jaisteko ahalik eta materia organiko gehien bereizita jasotzea.