Mendi karreren Euskal Herriko Txapelketa Idiazabalen da
Axari Trail mendi lasterketak, bigarren urtean, Euskal Herriko txapelketa hartuko du. Iaz antolatu zuten lehen aldiz, eta Euskal Mendizale Federazioak banakako txapelketa txertatzeko ardura eman die, aurten Gipuzkoan egokitzen delako. Irailaren 14an izango da Axari Traila, igandearekin. Idiazabalgo plazan hasi eta bukatu, 25,4 kilometro luzeko ibilbide gora-beheratsua prestatu dute, zerra itxurako profilarekin.
«Guretzat erronka polita da. Helburua iazko lasterketa hobetzea eta federazioak gugan jarri duen ilusioari ondo erantzutea dira», esan du Axari Trailaren antolatzaile Aimar Lizarazuk. Partaidetza aldetik, iazkoa gainditzea espero dute, Euskal Herriko hitzordu garrantzitsuetako bat denez gero. Iaz 234 korrikalari izan ziren (emakumezkoak 18); Ionut Zincak irabazi zuen, 2:01:25 orduko denborarekin, eta Maite Maiora izan zen garailea emakumezkoetan (2:32:28).
Larrien lasterketa nagusiarekin batera, gazteena ere egingo da, 15,5 kilometroan eta 750 metroko desnibelarekin. Kadeteek (15, 16 eta 17 urtekoak) nahiz juniorrek (18, 19 eta 20 urte) parte hartu ahalko dute txikian.
Axari Trailean, helduen artean, hiru maila bereiziko dituzte: promesak (21, 22 eta 23 urtekoak), senior gizonezkoak (44 arte mutilak, 39 arte neskak), eta beteranoak (45etik edo 40tik gora).
Ibilbidea iazkoaren berbera izango da. Ojarbidetik gora Esparrura igo, eta Dorronsoro eta Atxu igota Altsasuko mugara iritsiko dira, Balankaleku puntu gorenera (979 m). Etxegaratera jaitsi, eta atzera Atxuren magaletik itzuliko dira, Atxurbira. Han, Mikel Garmendia (Idiazabalgo korrikalari taldeko kide zena, bere omenekoa da traila) eta Loinaz Urrestarazu zirenen oroimeneko oroitarriaren albotik igaro, eta plazan bukatuko da.
Lasterketa igandean bada ere, larunbatean hasiko dira girotzen, dortsalak banatuta eta hitzaldi teknikoa eginda. Partaide bakoitzari esnekiz, arrautzaz, sagardoz eta gaztaz betetako poltsa bana emango diete. Aurten, berrikuntza gisa, Ternua kamiseta bat ere oparituko diete korrikalariei.
Izen-ematea 20 euro da, abuztuaren 29 aurretik. Gero, 25 euro. Mendian federatu gabeek 5 euro gehiago jarri behar dute. Probaren webgunean eman liteke izena (axaritrail.wordpress.com).
Lehentasuna, txapelketei
Axari Trailaren eta Euskal Herriko txapelketaren aurkezpena herenegun egin zuten, Idiazabalgo udaletxean. Bertan zen Antxon Burcio, EMFko zuzendari teknikoa, eta loreak bota zizkion probaren antolakuntzari. Hortik, bigarren aldirako Euskal Herriko banakako txapelketa ematea.
Mendi lasterketen loraldiaz ere jardun zen Burcio. «Ia asteburu oro daude karrerak, asko. Eta jendea geroz eta prestatuago joaten da. Jada ez da beste proba batzuetarako entrenatzera joaten, baizik mendi lasterketetarako, espreski. Geroz eta denbora hobeak horregatik egiten dira».
2014ko egutegia «anitza» dela iritzi dio Burciok. «Euskal Herriko herrialde guztietan —Iparraldea bakartzat hartuta— saiatu gara lasterketak jartzen, eta lortu dugu. Hiru txapelketei emango diegu lehentasuna: lineakoa, kopa eta bertikala».
Dagoeneko mendi lasterketen egutegia «gainezka» dagoela gaineratu du zuzendari teknikoak. «Kopan sei karrera bakarrik sartu ditugu, eta ez dugu gehiagora joan nahi. Egutegia beteta dago, eta kirolarientzat bukaerarako faktura igortzen du, gehiegi da».
Emakumeen partaidetzan «gabezia» dagoela aitortu du Burciok. «Ez dira nahikoak gaur dabiltzanak. Gainera, beteranoak ari dira oraindik irabazten. Aldatuko da, eta laster emakume gehiago izango da».
Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak ere probaren antolakuntza zoriondu du, udalaren Kirol batzordearekin batera, Axari Traila sortzeagatik. «Dinamika bat da, ez da edizio kontua. Horren fruitua ikusi dugu proba honekin, eta oso positiboa da. Kirola egitera animatzen ditu herritarrak. Egunean bertan boluntario talde handia aritu zen iaz lanean [140 lagun], eta herri giro bat sortu zen». Aurten ere udalak «babes osoa» emango dio probari, eta «erabateko arrakasta» iguriki dio Imazek.
Ibilbidearen datuak
- Ibilbidea. Plaza, Ojarbide, Hirumugata (Esparru), Dantzaleku, Dorronsoro gaina, Artegieta, Atxu, Balankaleku, Etxegarate, Artegieta, Atxurbi, plaza.
- Luzera. 25,4 kilometro.
- Desnibela. 1.550 m positiboa.
- Gune baxuena. Plaza (210m).
- Gune altuena. Balankaleku (979 m).
- Denbora muga. 4,5 ordu.
- Hornidura guneak. Ojarbide (3.km, edaria soilik), Dantzaleku (6,7, jana eta edaria), Artegieta bi pasaeretan (9,1. eta 18,4), Etxegarate (14,3), Oregi (21,8).
- Hasiera. 09:30 (irailak 14).