Zumalakarregiren lehen biografia hizpide izango dute gaur Ormaiztegin
Zumalakarregi museoak, bere 25. urteurrenaren ospakizunen barruan, Tomas Zumalakarregi generalari buruz idatzitako lehen biografiaren inguruko solasaldia antolatu du gaurko, 19:00etan. Atzo egin zuten prentsaurrekoa museoan, eta bertan ekitaldia eta Charles Frederick Henningsen egilearen The Most Striking Events of a Twelvemonth’s Campaign with Zumalacarregui in Navarre an the Basque Provinces liburuaren berrargitalpena aurkeztu zituzten.
Prentsaurrekoan Garazi Lopez de Etxezarreta, kultura zuzendaria; Xabier Irujo, Nevadako (AEB) Unibertsitateko ‘Centre of Basque Studies’ zentroko zuzendarikidea; eta Mikel Alberdi, Zumalakarregi museoko dokumentazio zentroko arduraduna izan ziren.
Elkarlanean egindako lana
Lopez de Etxezarretak berrargitalpen honetan Nevadako Unibertsitateko ‘Center of Basque Studies’ erakundeak eta Zumalakarregi museoak «elkarlan ederra» egin dutela adierazi zuen. Izan ere, AEBeko taldeak argitaratutako liburuan erabili diren irudiak Ormaiztegiko museoak utzitako grabatuak dira.
Grabatu horiek Hennignsen berak eginak dira, eta berak gertutik bizi izandakoaren testigantza argia dira. Aipatu, Henningsenek egin zuela Zumalakarregiren lehen erretratoa ere.
Center of Basque Studies taldeko zuzendarikideak liburuko grabatu horiek «altxorrak» direla adierazi du. Irudiak museoan bertan ikusi daiteke liburuaren zenbait ediziorekin batera.
Zumalakarregirekin urtebetez
Henningsenen liburuak ez du ingelesko beste argitalpenik izan gaurdaino, nahiz eta balio historiko handiko lana izan. Egileak urtebetez Zumalakarregirekin egin zuen borroka, eta lan honetan orduan bizi zandakoa kontatu zuen egileak.
Edonola ere, lan hau ez gudako kronika hutsa. Mikel Alberdi museoko dokumentazio zentroko arduradunak liburuak «Zumalakarregiren bizitza» kontatzen duela nabarmendu du, eta Hennigsen izan zela Ormaiztegiko generalaren «lehengo biografoa».
Alberdik, gainera, Henningsen pertsonaia « bitxia» izan zela adierazi zuen. «Bere bizitzan zehar lauzpabost borroka handitan hartu zuen parte, hala nola, Sezesio gerran. Deigarriena da guztietan galdu egin zuela», aipatu zuen atzo.
Gaurko solasaldian, liburua ardatz hartuta, Henningsen eta garaiko kontuak izango dituzte mintzagai. Besteak beste, Xabier Irujok eta Mikel Alberdik hartuko dute parte eta helburua, mokadutxo baten bueltan, oroimen historikoa lantzea izango da. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, museoan bertan edo 943 88 99 00 telefonora deituta.