Eskubide Sozialen Kartan jasotakoa bete dadin eskatu dute Goierriko taldekoek
Eztabaida prozesu parte hartzaile baten ondoren, maiatzaren 31ko Asanblada Nazionalean onartu zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Ekainean egin zen aurkezpen nagusia, eta hainbat egun geroago aurkeztu zuten Goierrin Ordiziako gaztetxean egindako batzar batean. Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako 113 herri eta auzotan garatu da prozesua; 1.200 herritar inguruk hartu dute parte. Goierrin egin diren hiru batzarretan, bakoitzean 30 edo 40 pertsona inguruk hartu zuten parte.
Ekonomiaz, finantza sistemaz, ingurumenaz, genero parekidetasunaz, nahiz hizkuntza eta kultura eskubideez eztabaidatu da prozesu horretan, besteak beste. Eskubide Sozialen Karta gidatu duen Talde Sustatzailea arduratu da herrietan eta auzoetan bildutako milaka ekarpenak bildu eta karta egiteaz. Goierrin jasotako ekarpenak ere, Karta nagusian barneratuta daudela ikusi dute.
Goierrin Eskubide Sozialen Kartan lantzen aritu diren lantaldekoen hitzetan, «egungo egoera errotik aldatzeko nahiak eraman gaitu ekarpen hau egitera». Sistemaren krisiak hainbat arlotan eragin duela ulertuta, urte luzeetako borroketan lortutako eskubide eta askatasunak desagertzen ari direla uste dute. «Izan ere, Euskal Herriko gehiengo sozialak ezin du jarraitu gure erabakitzeko eskubidea baldintzatzen eta mugatzen duten politikak jasaten. Politika hauen ondorioz, aregotuz doaz desberdintasuna, pobrezia, genero diskriminazioa, pribatizazioa, ingurumenaren galera nahiz euskaraz bizitzeko aukera», diote.
Egoera horren aurrean, oinarrizko eskubide ekonomikoak eta sozialak bermatzea defendatzen dute, herritar guztiek bizi-baldintza duinak izan eta beren erabakiak har ditzaten. Jarduera ekonomikoaren erdigunean pertsonak kokatu behar direla diote: «Interes partikularren eta merkatuaren gainetik, jendartearen interes kolektiboari eman behar zaio lehentasuna».
Behin karta landuta, bertan jasotako eskubideen aitortza eskatu dute Goierriko taldekoek, «herritarron bizi baldintzen hobekuntza nabarmena ekarriko lukeelako».
Prozesuan zehar sortu eta bildu duten material guztia eskuragarri egoteko eta ekarpenak jasotzen jarraitzeko bloga osatu dute: goierrisoziala.wordpress.com.