http://youtu.be/uXf42DLxyNY Ordiziako Etxezarreta kaleko etxebizitza bat suak hartu du gaur goizaldeko ordubatean. Txindoki jatetxearen gaineko etxebizitzako logela batean hasi zen sua; 25 bizilagunek beren etxeak utzi behar izan zituzten eta hoteletan pasa dute gaua. Sei suhiltzaile kamioi, hiru anbulantzia eta ertzainak gerturatu ziren bertara; goizaldeko hiruetarako sua kontrolpean zuten. Bizilagun bat Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten kea arnasteagatik eta bertan dago oraindik. Beste bi lagun lekuan bertan artatu zituzten.
Trintxerako zabalgunea berritzeko lanak «abuztu hasieran amaitutzat» emango ditu udalak Fernando Fariñas udal-lanen zinegotziak aurreratu duenez. Abuztuan hesiak kenduko dituzte eta zabalguneko jolas parkea irekiko dute. Jorge Oteiza eskultorearen Itziar lana dago Trintxeran, eta haren ingurua berritu dute. Fariñasek esan duenez, «zorua berritu dugu, baina beste guztia lehen zegoen bezala utzi dugu Oteizarekin berarekin eskulturaren ingurua nolakoa izango zen adostu genuelako».
Larunbatean Gipuzkoako giza proba txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zuten Aian. Berrobi nagusitu zen, Tarinak-Deba bigarren sailkatu zen eta Urretxu eta Zumarragako Urola Garaia taldea hirugarren. Berrobi eta Urola Garaia sailkatu dira finalera. Bertan, Heldu-Orio eta Andutz-Itziar taldeak ere lehiatuko dira. Finala ere Aian jokatuko dute, abuztuaren 3an.
Beñat Urretabizkaiak (Beasain, 1989) ikus-entzunezko ikasketak egin nahi zituen baina matrikula egitera berandu iritsi zen, beharbada zoriak aginduta. Madrilera interpretazio ikastera joatea zen bigarren aukera, eta hala egin zuen. Eskolan dantza ikasgaia zuen eta han eman zituen lehenengo pausoak, lehenengo saltoak eta lehenengo itzulipurdiak. Konturatzerako dantza barru-barrukoa zuen eta Madrileko kontserbatorioan dantza garaikidea ikasteari ekin zion. Urretabizkaiak Dantzaz konpainian bi urte egin ditu. Aurreko asteburuan Lekeition (Bizkaia) Itsaslaboa, Txoriak zoroen itsasoa ikuskizuna aurkeztu dute, eta hondar gainean egin dute dantza. Badirudi zu bere bila baino dantza bila etorri zaizula. Bai, irudipen hori daukat. Berandu hasi nintzen, baina gauzak aurrera eta ondo antzera doaz. Entzunaldi batekin hasi al zen Dantzaz konpainiako abentura? Madrilen ikasten ari nintzen eta udan etxera etorri nintzen. Artelekun entzunaldi bat zegoela jakin nuen eta egin nuen. Aukeratu egin ninduten eta Dantzaz konpainian lanean eman ditut azken bi urteak. Aurki zure lana amaituko da konpainian, ezta? Bai, Dantzaz konpainiaren xedea da dantzariei era profesionalean dantza egiteko eta ikasteko aukera eskaintzea. Bi urte egin ahal dituzu bertan eta gero lekukoa beste dantzari batek hartuko du. Nik azkar beteko ditut nire bi urteak. Esango zenuke Dantzaz konpainiak moldeak apurtu dituela Euskal Herriko dantzagintzaren eszenan? Euskal Herrian badago jendea dantzaren eremuan [...]
Hil berria den Nestor Basterretxea eskulturgileak harreman zuzena izan du Goierrirekin; Segurako pilotaleku zaharreko eta Arriarango urtegiko eskulturek, esate baterako, betiko gogoraraziko dute Basterretxea artista. Euskal Herriko artearen erreferente nagusienetako bat izan da Nestor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924). Joan zen larunbatean, hilak 12, Hondarribiako (Gipuzkoa) bere etxean izan zen 90 urterekin. Goierrirekin ere lotura estua izan du bizitza osoan. Segura da horren adibideetako bat. 1977. urtean Euskal Herriko Dantza txapelketa jokatu zen lehen aldiz Seguran. Guillermo Areizaga alkatea izan zen txapelketaren sustatzailea eta Nestor Basterretxea laguna zuenez, Euskal Herriko dantza txapelketarako eskultura bat eskatu zion sari gisa emateko. Dantza txapelketa hiru aldiz jarraian edota 5 urteko epean 3 aldiz irabazten duten dantzariek eramaten dute Basterretxearen eskultura, beraien herriko udaletxean betiko gordetzeko. 2009an, Segurako Udalak dantza txapelketarako egindako eskultura guztiak elkartu eta kopiak egin zituen herrian gordetzeko helburuarekin. Eskulturak Basterretxearen bi eskulturen kokalekua ere bada Goierri. Segurako frontoi zaharraren ondoan dago Segura, erasotzaileengandik libre bizitzearen alde borrokatu zutenen omenezko eskultura 2003 urtez geroztik. Beasaingo Arriarango urtegiko horma nagusian ere, Basterretxearen eskulturak ikus daitezke. 1991. urtean egin ziren urtegiko lanak. Euskal Herriarekin ere konprometitua bizi izan da Basterretxea. Horren adibide da, Nazioen Munduak 2010ean Donostiako Miramarren egindako adierazpenarekin bat egin zuela.
Eguneroko bizitza Palestinan, judutar bat Zisjordanian hitzaldia eskainiko du bihar Tali Feld Gleiserrek Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 18:30ean. Ondoren, 20:00etan, palestinarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deituta dago Areizaga-Kalebarren plazan. Talin Feld Gleiser judutar-txiletarra da. Palestinatik etorri berri da, eta bertatik bertara ikusi du Gazan gertatzen ari dena. Feld Gleiserrek judaismoa eta sionismoa ez direla gauza bera defendatzen du, eta Israelgo kolonoek okupatutako lurraldeetan arabiarren kontra egiten dituzten gisa guztietako «bidegabekerien» lekukoa izan da.
http://youtu.be/eSgHVJd3kT8 Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak 25 urte bete ditu eta asteburuan, urtemuga ospatzeko festa egin dute, herritarrekin eta kanpotik etorritako bisitariekin. Goizean zehar, Zumalakarregiren garaiko batailoi karlista baten antzezpena egin zuten; kalean martxa egin, Carlos V erregearen aldeko kantuak kantatu eta airera tiro egin zuten. Horrez gain, museora bisita gidatuak eta herri bazkaria ere egin zituzten. Egunari bukaera emateko, Korrontzi folk talde bizkaitarrak kontzertua egin zuen, plazan jarritako karpan.