Txirrindularitzaren harribitxi
Tradizio luzeko ekintza ugari antolatzen dituzte urtero Ordiziako jaietan. Danborrada, santanazaleen esku-dantza eta haurren ohiko aurreskua, esate baterako. Uztailaren 25arekin, Santa Ana jaietan murgilduta, hutsik egin ezinezko beste ekitaldi bat ere izaten dute: Ordiziako Klasikoa. Euskal Herriko lasterketarik zaharrena da Ordiziakoa. Urtez urte egutegiari eustea lortu duen txirrindularitzako harribitxia. Parte hartzeak gorabehera ugari izan ditu azken urteetan. Goi mailako txirrindularitzaren bilakaerak kalte egin die Ordiziakoaren gisako lasterketei.
Historia luzeko lasterketa da klasikoa. 1922an jokatu zen lehen aldiz, eta Francisco Sarasolak irabazi zuen. 36ko gerrak hala behartuta, bi urteko etena egin zuten gero. 1938an berriro hasi ziren, eta, geroztik, urtero egin da.
Afizionatuak biltzen zituen hasieran, baina urte gutxiren bueltan, 1925ean, profesionalentzako lehiaketa bihurtu zen. Gaur jokatuko dute, 91. aldiz. Parte hartuko dutenen artean daude Gorka Izagirre (Movistar) —2012ko irabazlea—, Igor Anton (Movistar), Luis Leon Sanchez (Caja Rurak) eta Jerome Coppel (Cofidis).
Lagun talde batek antolatu zuen klasikoaren aitzindari izango zen lehen proba. Frantziako Tourrari begira, Ordizian txirrindulari lasterketa bat egiteko grina piztu zitzaien. Villafranca kirol elkarteak eta Santa Ana kirol elkarteak hartu zuten antolatzeko ardura. 1940an, berriz, Txapel Gorri elkarteak hartu zuen klasikoa antolatzeko lekukoa, Josetxo Sarasolaren eta Angel Sanzen eskutik.
36ko gerraren ondorenetik gaur egunera arte, etenik gabe egin da lasterketa. Hala ere, Tourraren egutegiaren mende, aldaketa ugari egin izan dituzte. Urteen joanean, bestelako aldaketak ere izan dira, noski. Hasierako urteetan, adibidez, antolatzaileek eurek egiten zituzten epaile lanak. Ez zegoen ez ibilbide libururik, profilik edo arautegi zehatzik.
Ibilbidean aldaketak
Klasikoa egun bakarreko lasterketa da gaur egun, baina hiru urtetan bi etapa izan zituen probak. Hain justu, 1949., 1952. eta 1974. urteetan. Deskarga eta Bergararaino ere iritsi zen lasterketa 1940ko hamarkadan. Hasierako urteetan, 215 kilometroko lasterketa izaten zen; klasikorik luzeena 1963an izan zen, 225 kilometrokoa.
2007tik hona antzeko ibilbidea egiten du lasterketak urtero. Ordizian hasi eta bukatuta, 30en bat kilometroko zirkuituari bost bira ematen dizkiote. Abaltzisketa eta Altzotik pasatzen da lasterketa. Hirugarren mailako mendateak dira horiek. Aurten, gainera, Zaldibiatik Gaintzarako bigarren mailako igoera gainditu beharko dute azken kilometroetan —iazko Euskal Herriko Itzulian estreinatu zen, eta ezagun egin da bizikletazaleen artean—. Guztira, 170 kilometroko ibilbidea izango dute.
Lejarreta, Olano, Jalabert…
Urteetan izan den aldaketa nabarmenetako bat txirrindulari kopuruari dagokio. Irteera puntuan txirrindulari gutxi izaten ziren lehen urteetan. Antolatzaileek eurek banaka batzuk gonbidatzen zituzten, garaian sona zutenak, eta zuzenean beraiei ordaintzen zieten. Gaur egun, ordea, taldeak gonbidatzen dira, taldeei ordaintzen zaie, eta bakoitzak sei eta hamar txirrindulariren artean ekartzen ditu.
Inazio Esnaola, Jose Mitxelena, Txomin Perurena, Marino Lejarreta, Abraham Olano, Laurent Jalabert eta Gorka Izagirre. Horiek Ordiziako helmugan garaile izan direnetako batzuk. Marino Lejarreta txirrindulari bizkaitarra bera ohorezko zuzendaria da.
Edonola ere, Jose Luis Sanz da azken hamarkada hauetan probaren antolaketan buru-belarri lanean aritu dena. Barru-barrutik ezagutzen ditu lasterketaren nondik norakoak. Aitarengandik jaso zuen zaletasuna. Lasterketaren koordinazio lanetan aritzen da, baita epaile gisa ere. Iazko klasikoaren irteeran omenaldia jaso zuen egindako lanagatik.