Gipuzkoako Artzain Eguna egingo dute igandean Legazpin
Igandean Gipuzkoako Artzain Eguna egingo dute Legazpin, eta gazta dastatzeko eta erosteko aukera egongo da. Bost lagun ere omenduko dituzte: Tibur Agirre legazpiarra, eta Maria Anjeles Barrena, Nikolas Segurola, Felix Onaindia eta Inazio Ajuria artzainak. Gainera, gazta, ardi okela gertatze eta artzain txakur lehiaketak egongo dira.
Artzain Eguna atzo aurkeztu zuten Foru Aldundiaren egoitzan. Ekitaldian Koldo Lizarralde Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendariak, Aitor Uribeetxeberria Legazpiko Nekazaritzako zinegotziak eta Juan Jose Aranguren eta Arantza Segurola gaztagile legazpiarrek parte hartu zuten.
Igandeko festak artzainek egiten duten lana gertutik ezagutzeko eta lehen sektoreari bultzada emateko aukera eskaintzen duela aipatu zuten. Uribeetxeberriak omenduak gogoratu zituen eta «sektoreari egindako ekarpena» eskertu zien.
Aranguren eta Segurola senar-emazteek igandeko jaiak artzaintza gustuko duten guztiak elkartzeko, ogibidea plazaratzeko eta gainontzekoekin partekatzeko «aukera paregabea» eskaintzen duela aipatu zuten.
«Zailtasunak zailtasun, ardiekiko maitasuna sentitzen duenarentzat ez dago artzaintzatik bizitzea baino gauza ederragorik. Lanbide soiletik harago, bizitzeko modu bat baita, barru-barrutik sentitzen den zerbait».
Aurten ere Artzain Eguneko gazta lehiaketan parte hartuko dute. 23 urte pasa dira dagoeneko legazpiar batek Gipuzkoako Artzain Gazta Lehiaketa irabazi zuenetik: Jose Ramon Etxeberria nagusitu zen 1991n.
Lehiaketa horretan parte hartzeko Artzai Gazta elkarteko bazkidea izan behar da. Gaztak 10:00etatik 10:45era aurkeztu behar dituzte eta lehiaketa eta dastatze herrikoia 11:00etan hasiko dira. Sariak 13:00etako omenaldiaren ondoren banatuko dituzte. Zazpi sari banatuko dituzte: sei onenei eta herriko onenari. Gaztetxoentzat ere gazta lehiaketa antolatu dute eta onenak sari bat jasoko du.
Artzaintza bizitzeko modu bat da, barru- barrutik sentitzen den zerbait» Juan Jose Aranguren (Artzain legazpiarra) «Igandean omenduko ditugunei sektoreari egindako ekarpena eskertu nahi diegu» Aitor Uribeetxeberria (Legazpiko Nekazaritza batzordeburua)Iaz Jesus Ansola nagusitu zen. Elgoibartarrak azken hamar edizioetatik lau irabazi ditu. Azken 20 urteotako palmaresean goierritar asko aurki daitezke: 1994an eta 1995ean Kontxi Aldasoro mutiloarra nagusitu zen, 1998an Mari Karmen Otaegi segurarra, 2001ean Jose Migel Azurmendi zegamarra, 2004an Maria Anjeles Iñurrategi zeraindarra, 2006an, 2008an eta 2010ean Aranburu elkarteko idiazabaldarrak, 2011n Aizpea gaztandegiko olaberritarrak eta 2012an Joseba Insausti ordiziarra. Arratsaldean tradizio handiko beste lehiaketa bat egingo da: Gipuzkoako artzain txakurren lehiaketa. 46. edizio honetan bost artzainek parte hartuko dute: Jabier Zubiaurre mutrikuarrak (Txiki txakurrarekin), Jesus Mari Plazaola arrasatearrak (Lagunekin), Juan Jose Arrizabalaga elgoibartarrak (Azkarrekin), Aitor Tato ataundarrak (Aitz eta Argirekin) eta Migel Arregi oñatiarrak (Mendi eta Gorri txakurrekin). Iaz Plazaola nagusitu zen, Gure txakurrarekin. Arrasatearrak hiru aldiz irabazi du 2000. urtetik hona, hiru txakur desberdinekin. Arrizabalaga ere hiru aldiz nagusitu da azken urteotan, beti Azkarrekin. Bi goierritar protagonista Eguneko beste ekitaldi garrantzitsu bat omenaldia izango da. Oñatiko bi artzain (Maria Anjeles Barrena eta Nikolas Segurola) eta Amerikako Estatu Batuetan lan egin zuten bi artzain bizkaitar omenduko dituzte, Felix Onaindia eta Inazio Ajuria. Beraiekin batera Tibur Agirre legazpiarra omenduko dute. Agirre Brinkolako Igaralde baserrian jaio zen eta Nekazaritza batzordeko kidea zen Artzain Eguna martxan jarri zutenean. Patrizio Etxeberrian administrazio lanak egiten zituenez, Artzain Egunean ere lan horiek egitea erabaki zuen. Ordutik 24 urte pasa dira dagoeneko, baina Artzain Eguneko diru kontuez arduratzen da oraindik. Baita bazkariko txartelen kontrolaz ere. Beste goierritar bat ere protagonista izango da. Izan ere, ELE elkarteak Artzain Aipagarria saria emango dio Zeraingo Basozabal baserriko Jabier Muñoari. Sari horren helburua artzaintzan lan txukun bat burutzen duen elkarteko artzain bat nabarmentzea da. Egitaraua
- 10:00. Postuen irekiera.
- 10:00-10:45. Gaztak jasotzeko tartea.
- 11:00. Gipuzkoako Artzai Gaztaren 30. lehiaketa.
- 11:00. Gazta dastatzea.
- 11:15. Gaztagintzaren lehena eta oraina.
- 11:30. Sagardo dastatzearen hasiera.
- 12:00. Gaztetxoen gazta lehiaketa.
- 12:00. Ardi okela gertatze Gipuzkoako 24. lehiaketa.
- 12:15. Ardi mozte erakustaldia.
- 12:45. Ardi okel banaketa.
- 13:00. Artzainei eta Tibur Agirreri omenaldia.
- Ondoren. Sari banaketa.
- Goizean zehar. Latxa arrazako ardien eta aharien erakusketa, artisau lanen erakusketa, gazta salmenta eta argazki rallya.
- 14:30. Herri bazkaria Aitxuri jatetxean. Txartelak bertan egongo dira salgai, goizean zehar.
- 17:30. Gipuzkoako 46. artzain txakurren txapelketa, Urtatzako zelaian.