Elkarrekin ospatuko dute urteurrena Amets Bidek, Hitzarok eta Hitzak
http://youtu.be/KRN3nbC9aBs
Urteurren adina ekitaldi antolatu dira Goierrin azken hilabeteotan. 2014a urte garrantzitsua izaten ari da erakunde, elkarte, enpresa zein hedabide ugarirentzat; Amets Bide dantza taldea, Hitzaro euskara elkartea eta Goierriko Hitza, kasu. Urtea amaitu aurretik badago oraindik zer ospatu.
Urteurren adina ekitaldi antolatu dira Goierrin azken hilabeteotan. 2014a urte garrantzitsua izaten ari da erakunde, elkarte, enpresa zein hedabide ugarirentzat; Amets Bide dantza taldea, Hitzaro euskara elkartea eta Goierriko Hitza, kasu. Urtea amaitu aurretik badago oraindik zer ospatu.
Ordiziako Amets Bide sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen ari da aurten; bide beretik doaz Hitzaro euskara elkartea 20. urtemugarekin eta Goierriko Hitza 10 urteko ibilbidea ospatutz. Goierriko Hitzak joan zen urriaren 4an egin zuen lehen ospakizun ekitaldia Irrien Lagunakeko Ane piratarekin Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Goierriko 27 elkarte nahiz taldetako kideak igo ziren, txandaka, oholtza gainera piratekin dantzara.
Oraingoan, eskuz esku eta bat eginik, egun osoko festa antolatu dute Amets Bidek, Hitzarok eta Goierriko Hitzak urriaren 25erako. Ordizian izango da jaialdia; eguerdian hasi eta goizaldera arte luzatuko dena. Dantza emanaldiak, haurrentzako pailazo ikuskizuna eta Aitor Furundarenak girotuko duen kantu afaria izango dira ekitaldi nagusiak. Era berean, eguerdian nahiz arratsalde eta iluntzean jan-edanerako aukerarik ez da faltako.
Dantzan eta kantuan
1964an lehen dantza taldea osatu zutenetik mende erdira, ekintza ugari egin dituzte urtean zehar Amets Bidekoek ospakizun gisa. Dantzari Eguna izan zuten lehen ekitaldia maiatzean, eta ikasturteari amaiera emateko txikienen dantza erakustaldi berezia ere egin zuten Herri Antzokian. Bost hamarkadetako ibilbidea jasotzeko argazki erakusketa osatu eta D’elikatuzen ikusgai jarri zuten. Omenaldi gisa, gainera, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak kofradiakide berri izendatu du Amets Bide dantza taldea, eta jaien hasiera iragartzeko suziri jaurtiketaren unean ere, udaletxeko balkoian izan ziren taldeko bi ordezkari.
Urriaren 25ean dantza emanaldiak egingo dituzte egunean zehar. Eguerdian haur eta gaztetxoenen saioa izango da eta iluntzean helduena, Plaza Nagusian egunerako jarriko duten oholtzan. Saioak irauten duen bitartean dantza taldeko kideek egindako pintxoak ere salgai egongo dira.
Sortu zeneko 20. urteurrena ospatuko dute Hitzaro euskara elkartekoek. Udalarekin, herriko elkarteekin eta erakundeekin, ikastetxeekin eta euskaltegiarekin elkarlanean aritu da Hitzaro azken urteetan; guztien indarrak batu nahi izan ditu, euskarari dagokion leku duina emateko.
Bazkalosteko atsedenaren ondoren, haurrentzako ekitaldia antolatu dute euskara elkartekoek: Bat bi hiru…festa! Goazen dantzara! ikuskizuna egingo da plazan. Dantza eta festa atsegin dituzten bi pailazo dira ikuskizuneko protagonistak, dantza bakarrik egitea ez zaie gustatzen, ordea. Bertan bilduko diren haurrak, gazteak zein helduak dantzara eta abestera animatuko dituzte beraiekin. Euskara eta dantza uztartuko ditu ikuskizunak; 18:00etan hasiko da saioa.
Pailazoen ondoren, Amets Bideko helduenen txanda izango da; oholtza gainean egingo dute emanaldia. Saioaren ondoren, Legazpiko Telleriarteko talogileak eta Ohiarteko sagardoa dastatzeko aukera egongo da Goierriko Hitzaren eskutik. Amets Bideko, Hitzaroko nahiz Goierriko Hitzaren materiala ere erosi ahalko da.
Goizaldera arteko festa
Gauean egingo den kantu afariaren atariko, Ordiziako trikitilariekin batera poteoa egingo da erdiguneko kaleetan zehar, «festa giroa herrian zehar zabaltzeko».
Pilotalekuan izango da kantu afaria. Hitzaro elkarteak urtero urtero antolatzen duen euskararen aldeko afariarekin bat egingo dute Amets Bidek eta Goierriko Hitzak. Aurten denek elkarrekin abestuko dute, Aitor Furundarena gidari dutela.
Afarirako txartelak salgai daude dagoeneko Hitzaren Beasaingo zein Urretxuko bulegoetan; Mujika liburudendan eta Pottoka tabernan, Ordizian; Segurako Elorripen; Ataungo Troskaetan eta Lazkaoko Gerrikon. Helduen txartelak 15 euro balio du (paella, oilaskoa eta ijito besoa) eta umeenak 8 euro (makarroiak, solomoa eta izozkia). Txartela erosten dutenen artean zozketak egingo dira eta beste hainbat sorpresa ere izango dira gauean zehar.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.