Zaldibiako herri antolamenduari buruz zintzilik geratu ziren gaiak etzi zehaztuko dituzte
Zaldibian ostegunean batzarra egingo dute, 18:30ean, Herri Antzokian. Udalak eta joan nahi duten herritarrek parte hartuko dute, etorkizuneko herri antolamenduari buruzko prozesuaren barruko bilkuran. Parte-hartze fasean erabateko adostasunik gabe finkatu gabe geratu ziren arloak erabakiko dituzte: frontoia estaltzearen gaia, haur eskola, jangela… Batzarrean landuko dituzten gaien “garrantziagatik”, udalak herritarrei joateko eskatu die, “ahalik eta jende gehienen iritziak jasotzeko”.
Prozesuan zehar, hainbat gai itxita geratu dira. Esate baterako, herriari buruzko ideia orokorrak. Zaldibiak etorkizunean ere mantendu beharreko ezaugarritzat jo dituzte “herri euskalduna, txikia eta lasaia” izatea, baina aldi berean “bizitasunarekin eta jendearen gertutasunarekin”. Herri “dinamikoa eta elkarlanerako prest dagoena” izatea nahi dute. Itxuraz, “polita” eta “ingurune geografiko paregabea”. Bestetik, etorkizunean landu beharreko proiektuetan eta ekimenetan, “gaur egungo Zaldibiaren arkitektura, filosofia, nortasuna eta ohiturak” mantentzeko nahia ere agertu dute.