Gipuzkoa osoan 500 lagun baino gehiago bildu dira parte-hartze prozesuaren laugarren faseko bileretan
Gipuzkoako autobus zerbitzua hobetzeko asmoz Foru Aldundiak martxan jarritako parte-hartze prozesua jendetsua ari da izaten. 2013ko urrian hasi zen prozesu hori, eta aurtengo urrian, laugarren fasea gauzatu dute. Dagoeneko proiektua landuta dago, eta azken fase honetan berau ezagutzeko saioak egin dituzte, eskualdez eskualde. Goierriri dagokionean, bi saio egin dituzte, eta denera 115 lagunek parte hartu dute; 50 izan ziren Beasainen bildutakoak, eta 65 Zumarragan.
Aldundiak azaldu duenez, “oro har, herritarrek begi onez ikusi dute proposamena eta eskertu egin dute herritarren iritzia jasotzera joan izana”. Aldundiak berak ere, herritarrek prozesu honetan izan duten parte-hartzea eta egindako ekarpenak eskertu nahi izan ditu. Hala, uste dute “era honetan lor daitekeela zerbitzu publikoak benetako beharretara egokitzea eta erakundeak herritarrengana hurbiltzea”. Gainera, herritarrek “demokrazia lezioa” eman dutela uste dute, eta zoriondu egin dituzte horregatik.
Orain aurkeztu duten egitasmoa, 2015. urtean jarriko dute indarrean, eta gogorarazi dute “zerbitzu berriek aldaketa handia eragingo dutela herri arteko autobus zerbitzuan”. Izan ere, Aldundiak %33 gehiago inbertituko du garraio publikoan; 57 gidari lanpostu sortuko dituzte eta hainbat linea berri sortuko dira.
Bilerak herriz herri: