Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Urretxun Bizi Gara izeneko eskola jarri du martxan, iritsi berri direnei herriari buruzko informazioa eskaintzeko. Aurten 15 lagunek eman dute izena eta lehen saioa
Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Urretxun Bizi Gara izeneko eskola jarri du martxan, iritsi berri direnei herriari buruzko informazioa eskaintzeko. Aurten 15 lagunek eman dute izena eta lehen saioa atzo bertan egin zuten, kultur etxean.
Saioa Murua Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak herri batera heltzean bertako kultura, ohitura eta funtzionamendua ez ezagutzea ohikoa dela esan du. «Norberaren baliabide pertsonalek eta sozialek, ezagutza eta egokitze prozesu hori erraztu edo zaildu dezakete, beste hainbat faktoreren artean. Hala ere, harrera egiten duen herriaren araberakoa ere bada egokitze prozesu horren nondik norakoa. Laguntzeko jarri dugu martxan, hain zuzen ere, Urretxun Bizi Gara eskola».
Ikastaroak bi hilabeteko iraupena du. 32 orduko formazio saioarekin Urretxu ezagutzera eman nahi zaie. Eskoletan enplegua, osasuna, etxebizitza eta hezkuntza landuko dituzte, besteak beste. Gainera, bisita gidatuak egingo dituzte.
Irakasle lanetan, herriko eragile ezberdinak arituko dira: sindikatuak, garapen agentzia, udal euskaltegia, HHE Helduen Hezkuntza Etengabeko zentroa…
Egitasmo hau aurten antolatu dute lehenengoz. 15 lagunentzako tokia zegoen eta toki guztiak bete dira. Pakistan, Maroko, Sahara, Honduras, Nikaragua, Espainia, Ginea, Dominikar Errepublika eta Kolonbiako jendeak eman du izena.
Oihane Zabaleta alkateak eta Jon Altolagirre Gizarte Ekimeneko batzordeburuak egin zieten ongi etorria. Ondoren, eskolan landuko duten liburuxka eta euskara hiztegia eman zieten eta euren burua aurkeztu zuten, euskaraz. «Eskolak gazteleraz emango ditugu, baina euskara presente egotea nahi dugu».
Urretxuko eta Zumarragako kultur agenda ere eman zieten, aisialdian zer egin dezaketen jakin dezaten. Bukatzeko, Lanbide, HHE zentroa, udal euskaltegia, Zumarragako kultur etxea eta Urretxuko liburutegia bisitatu zituzten.
Euskara ikasteko gogoa
Murua gustura ageri da. «Oso ondo pasatu dugu. Motibatuta daudela dirudi. Euren kezka nagusia paperak naziotasuna eta osasun sistemako txartela lortzea da, baina euskara ikasteko gogoa ere erakutsi dute. Ibilaldia udal euskaltegian amaitu dugu eta batzuk barrura sartu dira informazio eske».
Astero bi saio egingo dituzte. Hurrengo saioetan aipatutako gai horiek guztiak jorratuko dituzte eta, gainera, Goierri garaiko txokoak ezagutuko dituzte. Gabon egunean Gabon kantak abestera irtengo dira, ikastaroari amaiera emateko.
The post
Hasi dira Urretxura heldu berri direnentzako formazio saioak appeared first on
Otamotz.