Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpaina martxan jarri du Legazpiko Udalak
Legazpiko Udalak kanpaina ezberdinak antolatu ditu, Kutxa-Ekogunearekin eta Sasietarekin, hondakinen prebentziorako nazioarteko astea dela eta. Alde batetik, plastikozko poltsen erabilera murriztu nahi du eta, bestetik, jendea iturriko ura edatera animatu.
Plastikozko poltsen erabilera murrizteko, zozketa bat antolatu dute merkatariek eta udalak. Hilaren 22ra bitartean poltsa edo tupper berrerabilgarriekin erosketak egiten dituzten legazpiarrek parte hartuko dute zozketa honetan. Hilaren 24an erosketak egiteko hamar orga zozkatuko dituzte.
Kanpaina honen helburua plastikozko poltsa gutxiago erabiltzea eta, beraz, hondakin gutxiago sortzea da. Emaitzak egitasmoan parte hartzen ari diren 60 dendetako erakusleihoetan jarriko dituzte, 24an.
Udalak plastikozko poltsa bakoitza batazbeste 12 minutuz erabiltzen dugula eta deskonposatzeko mendeak behar dituztela gogoratu du. Hala, poltsa hauek ez erabiltzera animatu ditu herritarrak.
Harategietan, orain arte arrandegietan bezala, tupper berrerabilgarriak erabiltzera ere animatu du. Ontzi hauek Albe burdindegian salgai jarri dituzte, 0,5 eurotan. Familia bakoitzak bat eskura dezake.