Roman Elosegiren idiek irabazi dute kintopekoen Aiako Proba
Urrian Andrakan (Lemoiz, Bizkaia) izan zuen garratzaldiaren ondoren, egundoko marka eginez irabazi du Roman Elosegik Aiako Kintopekoen Idi Proba. Atzo tira egin zuen bere idi parean, Gaztelu Iturgintza deiturapean. 75 plaza justu osatu, eta mantak eta diru saria bereganatu ditu Elosegik. Bigarren Iñaki Lopategiren uztarria geratu da, 73 plazarekin, (hain justu, atzo tira egin zuen hark ere), eta hirugarren Isidro Erretegia azkoitiarra (70 plaza eta 2,36 metro).
Ikusle mordoa bildu zen atzo gauean Aiako (Gipuzkoa) probalekuan. Asko Zaldibiatik joanak. Izan ere, Elosegi itzainari babesa adierazteko modua ere bazen proba hori, Andrakako dema modu polemikoan gerarazi ondoren. Iñaki Urrutia eta Inaxio Telleria erabili zituen Elosegik itaurreko eta atzeko.
Aiako probetan, guztira 12 idi pare lehiatu dira, lau egunetan. Elosegirenari azkeneko jardunaldian tira egitea egokitu zitzaion, zozketan.