Ataunen, Araman, Zumarragako Aginaga auzoan eta Urretxun San Martin jaiak ospatuko dituzte, asteburuan gehienbat, baina baita datorren asteartean ere, zaindariaren festaburuan.
Eguraldiak udazken-neguko benetako bisaia hartu duen honetan, aterpeak atonduko dituzte
Araman eta Ataunen. Aurreneko hotzei eta euriari aurre egiteko, plaza estaliak bihurtuko dira asteburuko festaleku.
Aginagan ere barru aldetik ibiltzeko moduko ekitaldiak prestatu dituzte; kafe-tertuliak, adibidez.
Urretxun, San Martin egunean ohiko azokatxoa egingo dute Gernikako Arbola plazan. Bi urdaiazpiko zotz egingo dituzte, txartelak salduta. Bildutako dirua gobernuz kanpoko erakunde bati emango diete, bizilagunen ekimenez.
Asteburuari itxaron gabe, festan murgiltzen
lehenengoak Ataun San Martingo auzotarrak izango dira, bihar eguerdian. Hiru egunok, eta ondoren San Martin hartu dituzte egitaraurako. Bihar, erromeria eta bertso giroa izango da.
Batetik, Gipuzkoako lau bertsolari txapeldun ekarriko dituzte: Maialen Lujanbio (2003an txapeldun), Aitor Mendiluze (1995 eta 2007), Anjel Mari Peñagarikano (1991) eta Andoni Egaña (1999, herri artekoa) ariko dira. Jon Aizpuruak aurkeztuko du saioa, plazako karpan.
Bestetik, Bi Bala musika taldean bi ataundar etorriko dira, Aitzol Barandiaran eta Xabier Etxeberria
Pitxu. Iñaki Gurrutxaga oriotarrak eta Julen Goikoetxea alegiarrak laukoa osatuta, doinu propioekin Ataungo kontuak eta kantuak abestuko dituzte. Guri5 talde gabiriarrarekin osatuko dute gaua Bi Balakoek.
Ataunen, larunbata haurrentzat eta mozorrotuentzat izendatu dute. Igandea, gastronomia dastaketentzat, artzain txakur erakustaldiarentzat eta herriko dantzarientzat. Zaindariaren egunean, berriz, jubilatuek ere badute zer egina. Urteko ospakizuna orduan egingo dute, ohitura duten bezala, Atsede-Toki elkarteak prestatutako jaian.
Araman, bost egun aurretik
Aramako Udalak eta Gaztaintxota kultur elkarteak bost jardunaldiko festaldia iragarri dute. Bihar arratsean hasiko dira jaiak, asteartera bitartean. Astelehenari ere ukitua emango diote, trikitilariek girotutako gaztaina jana afalduko baitute.
Berritasun bat, behintzat, badakarte aurtengo sanmartinek:
Goierriko Erromeria Birako dantzaldia, larunbat gauean. Eskualdeko ibilbideari jarraituz, hirugarren erromeria izango da, eta Obenauke taldeak girotuko du. Bestetik, igande eguerdiko pilota jaialdia.
Afizionatuen esparruan punta-puntan lehiatzen ari diren lau pilotari ekarriko dituzte Aramara. Tartean izango da Iker Irribarria.
Aramako jaietan, toka, mus, seiko urre eta patata-tortilla txapelketak ere egingo dituzte. Haurrentzat ekitaldiak larunbatean bildu dituzte.
Aginagan, hirugarren festa
Urtean bi jai aldi izan ohi dituzte Zumarragako Aginaga auzoan. Sanmartinak azaroan, eta Trinitate festa ekainean, Oleta gainean. Udaberrikoak erromeria girokoak baldin badira, oraingoak ofizialagoak dira: gonbidautzak-eta egiteko garaia da.
Aurten, ordea, hirugarren festak dituzte aginagarrek, berez. Izan ere, ekainean bertan Zumarragara igaro zireneko 25. urteurrena ospatu zuten. 1989an aldatu zen Aginaga Azkoitiko udal barrutitik Zumarragakora.
Auzoari bizitasuna emateaz arduratzen den Oleta elkarteak antolatu ditu San Martin festak ere. Auzotarrak solasean aritzeko hitzorduak jarri dituzte. Bestetik, igande eguerdian herri kirol eta pilota erakustaldiak egingo dituzte, trikitiz eta bertsoz.
Azkenik, parrokiaren burua San Martin duen Urretxuk ere gogoratuko du azaroaren 11. Arratsaldean izango da festa.
EGITARAUAK
AGINAGA (Zumarraga)
Larunbata
- 15:00. Txupinazoa. Ondoren, kafe-solasaldia.
- 16:00. Haur jolasak, txokolatea.
- 19:00. Toka txapelketa.
- 21:00. Herri afaria.
- Ondoren. Erromeria, Miren eta Agurtzane trikitilariekin.
Igandea
- 11:00. Meza.
- 12:30. Haurren pilota partidak. Herri kirolak. Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskolakoen saioa. Gari eta Elortza trikitilariak.
- 14:30. Bazkaria, bertsolariek eta trikitilariek alaituta.
- 20:30. Afaria.
Asteartea, San Martin eguna
- 12:00. Meza.
- 14:30. Bazkaria. Kafe solasaldia.
- 20:30. Herri afaria, Olarte trikitilariek alaituta.
ARAMA
Bihar
- 18:00. Ume jolasak, plazan.
- 19:00. Txupinazoa.
- 20:30. Herri afaria.
- Gero. Erromeria, Ezten Giro.
Larunbata
- 11:00. ‘Altxorraren bila’ jokoa.
- 14:00. Haurren bazkaria.
- 16:00. Gorritiren animaliak.
- 19:00. Eriz magoa, plazan.
- 21:00. Gazteen afaria.
- Ondoren. Erromeria, Obenauke taldearekin (Goierriko birakoa).
Igandea
- 11:30. Pala txapelketako finala.
- 13:00. Afizionatuen pilota partida: Azketa-Santxez, Irribarria-Elustondoren aurka.
- 15:30. Puzgarriak, haurrentzat.
- 19:00. Sagardo dastaketa.
Astelehena
- 20:30. Gaztaina jana, Gari eta Iñaki trikitilariek alaituta.
Asteartea, San Martin eguna
- 11:00. Meza.
- 12:00. Hamaiketakoa, elkartean.
- 13:00. Toka txapelketa.
- 16:30. Mus txapelketa herrikoia.
- 17:00. Seiko urre txapelketa.
- 19:00. Patata-tortilla lehiaketa, herriko trikitilariek alaituta.
ATAUN
Bihar
- 13:00. Juntadizoa eta txupinazoa. Ondoren, poteoa.
- 14:30. Kuadrillen bazkaria.
- 17:00. Haurren juntadizoa, plazan. Buruhandiak kalejiran.
- 18:00. Mahai-futbol erraldoia.
- 19:00. Erromeria, Guri5 taldea.
- 22:00. Bertso jaialdia: Lujanbio, Mendiluze, Egaña eta Peñagarikano. Plazan.
- 00:00. Kontzertuak: Bi Bala eta Guri5 taldeak.
Larunbata
- Goizean. Herriko txistularien goiz eresia, auzoan barrena.
- 11:00. Haurren txupinazoa. Buruhandiak, jolas parkea eta puzgarriak. Maite eta trikitilariak.
- 12:00. Toka txapelketa, Aizkoate elkartean.
- 14:00. Haurren bazkaria.
- 15:00. Eltze-hauste jolasa.
- 16:00. Mus lehiaketa, Aizkoaten.
- 16:30. ‘Molto’ moto txikien eta patineteen lasterketa.
- 17:30. Txokolate jana.
- 18:00. Mozorrotuen kalejira, Egi Alai txarangarekin.
- 19:00. Sagardo probaketa.
- 21:00. Herri afaria, Txominen parrillatik.
- Gero. Maddi Noguera kantaria.
- 00:00. Mozorro gaua. Kontzertuak: Inpernuko Zulotik eta Nonahi taldeak.
Igandea
- Goizean. Txistularien kalejira.
- 12:00. Artzain txakur erakustaldia, Bikoitz ondoko zelaian.
- 12:30. Kantu-poteoa.
- 13:00. Mondeju pintxoak.
- 17:30. Otsoak dantza taldearen emankizuna.
- 18:30. Piliota partida.
- 19:30. Patata tortilla lehiaketa.
- 21:15. Afaria, karpan, tortilla lehiaketako jakiekin eta norberak eramandakoarekin.
- 22:00. Tor magoaren ‘Hator magiara’ ikuskizuna.
Asteartea, San Martin eguna
- 11:00. Meza. Ondoren. Salda eta bertsolariak
- 14:00. Jubilatuen bazkaria, Bittor jatetxean. Trikitia, bertsoak.
- 16:30. Gymkhana eta zinta karrera.
- 17:30. Buruhandiak eta trikitilariak.
- 19:00. Pintxoak.
URRETXU
Asteartea, San Martin eguna
- 13:30. Odolkiak eta tripakiak, Aterpe jubilatu elkartean.
- 17:00. Jubilatuen dantzaldia, Aterpe egoitzan.
- 17:00-21:00. Festa, Gernikako Arbola plazan: ‘Martintxo’ txerria, urdaiazpiko zozketa…
- 18:45. Odolki pintxoak.
- 19:30. Iparragirre-Balerdiko musikarien eta Lizarriturri txistulari taldearen kalejira.
- 21:00. Urdaiazpikoen zozketa.