Merezitako garaipena lortu du Ampo Ordiziak Altamiran
Zaleek zutik eta txaloka agurtu zituzten jokalariak
Ampo Ordiziak nabarmen garaitu zuen Hermi El Salvador atzo Altamiran; 25 eta 17 izan da emaitza. Denbora zeramaten zaleek halako partidarik ikusi gabe. “Fase askotako jokaldi luzeak, plakaje onak eta eraso bikainak”, hala laburbildu du norgehiagoka klubak. Atzokoan soilik hiru entsegu ikusi ziren zelaian, Ampok bi egin zituen eta Valladolideko taldeak bat; “baina aspaldiko partidarik politenetakoa izan zen”.
Lehen zatian bi taldeetako defentsak gogor aritu ziren, ez zegoen hutsunerik eta akatsik ere ez. 9 eta 3koan zegoen markagailua atsedenera iritsi zirenean. Bigarren zati lasaiagoa espero zuten, nekea ere agertuko zelakoan. Ez zen hala izan, jokoaren erritmoa oso bizia izan zen eta ondo eutsi zioten Ordiziako jokalariek. Partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean, 18 eta 10 erakusten zuen markagailuak. El Salvadorrek zigor kolpea markatzeko aukera izan zuen, baina huts egin zuen. Dani Krollek baloia bereganatu eta entsegua lortu zuen zutoin azpian. Valladolikoek gogor egin zuten lan eta hurrengo jokaldian entsegua eta transformazioa lortu zituzten. Soilik zortzi puntuko aldearekin, Ampokoek aurkariei bere zelaian eutsi zieten amaiera arte.
Zaleak eta jokalariak bat. Sardineron jokatu zen finaletik goierritarrek ez zuten euren taldea harmailetatik zutik eta txaloka agurtu. Ia ikusle guztiak zutik zeuden jokalariak aldageletarako bidea hartu zutenean. Emaitzak ez zuen horrenbesteko garrantziarik, jendea pozik zegoen taldea borrokan ikusi ondoren. Behin amaiera emanda, aho zapore onez gelditu dira jokalariak.